Politika -
Miñao auzia
Telleriari lau urteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu du Fiskaltzak
EAJko buruzagi ohia sekretuen urraketan lagundu zuela uste du fiskalak, eta bi ertzainek egile zuzenak izan zirela erantsi du.
Erredakzioa
Aitor Telleria EAJko buruzagi ohiari eta Ertzaintzako bi agenteei lau urteko kartzela-zigorra ezartzeko eskakizuna mantentzea erabaki du Arabako Auzitegiko Fiskaltzak, Arabako pertsonaia ospetsuak eta politikariak ustez zelatatzeagatik. Epaiketa sententziaren zain geratuko da arratsaldean.
Josu Izagirre Arabako fiskal nagusiak eta abokatuek behin betiko ondorioekin itxi dute saioa goizean, eta arratsaldean azken txostenak azalduko dituzte. Ondoren akusatuek azken hitza erabiltzeko eskubidea izango dute epaiketa amaitu baino lehen.
Telleria sekretuen urraketan lagundu zuela uste du fiskalak, eta bi ertzainek egile zuzenak izan zirela erantsi du. EAJko buruzagi ohiak bi ertzainak delitua burutzera bultzatu zituela uste du fiskalak, eta sententziak horrela azaltzea eskatu du.
Abokatuek, ostera, auzipetuak absolbitzea eskatu dute.
Ertzainen deklarazioa
Goizeko saioa amaitu baino lehen zenbait ertzainen deklarazioa entzuteko aukera izan du epaimahaiak epaiketaren hirugarren egunean.
Hiru ertzainek politikari eta pertsonaia arabarren fitxak egiaztatzeko ardura izan zuten. Fitxak Telleriaren etxeko bi diska gogorretan aurkitu zituzten.
Fitxetan agertzen ziren hitz klabe batzuk sartu zituztela ziurtatu dute gaur ertzainek, eta ez zuten datu-basean antzeko agiririk topatu.
Ondoren informazio gehiago eskatu zuten, eta baita bilaketa egin zela egiaztatzea ere, hiru ertzainen esanetan.