Politika -
Giza Eskubideen Auzitegia
Frantzia kondenatu dute Sarkozyren kontrako irain bat zigortzeagatik
Errepublikako presidentea iraintzea egotzi zion kasuko epaileak, eta 30 euroko multa ezarri zion, azkenean ordaindu behar izan ez bazuen ere.
Erredakzioa
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Frantzia kondenatu du Nicolas Sarkozy presidente ohia iraintzea egotzita herritar bat zigortzeagatik.
Europako Giza Eskubideen Auzitegiko epaileen arabera, adierazpen askatasuna urratu diote Herve Eon frantziarrari. "Joan zaitez, babo gaixo hori!" zioen pankarta bat erakutsi omen zion gizonezkoak Sarkozyri, 2008an, presidenteak Frantzia hego-ekialdean egin zuen ekitaldi batean; Sarkozyk nekazari bati horrek eskua emateari uko egin zionean esan zion gauza bera, hain zuzen.
Sarkozyk salaketa jarri zuen Herve Eonen kontra, eta epaitegiek gizona zigortu egin zuten Errepublikako presidentea iraintzea egotzita. 30 euroko multa ezarri zioten, baina azkenean ez zuen ordaindu behar izan. Frantziako Auzitegi Gorenak atzera bota zuen herritarrak aurkeztutako helegitea, eta, ondorioz, Estrasburgoko Auzitegira eraman zuen bere kasua.
Auzitegi horretako kideen ustez, Sarkozyri egindako iraina satira politikoaren barruan ulertu behar da, izan ere, Herve Eonek Sarkozyk berak aurrez erabilitako esaldi bat errepikatu baino ez zuen egin. "Esaldi horrek ez dio Sarkozyren bizitza pribatuari edo bere ohoreari eraso egiten", gaineratu dute epaileek.
Epaileen iritzian, politikariek kritikak entzuteko prest egon behar dute. Gainera, satira politikoaren helburua "zirikatzea eta aztoratzea da", eta horrelako ekintza bat zigortzeak eragin negatiboa izan lezake.
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak ez dio isunik ezarri Frantziari, horren ustez, epaia bera nahikoa baita Herve Eonek jasandako kalte moralak ordaintzeko.