Politika -
'Parot doktrina'
Terrorismo delituak dituztenei legea aplikatzen zaiela esan du PPk
Mario Dolores de Cospedalek esan du ez dagoela legeari ihes egiteko biderik.
Erredakzioa
Maria Dolores de Cospedal Alderdi Popularreko idazkari nagusiak jakinarazi duenez, legea aplikatzen zaie terrorismo delituak egin dituztenei, eta ez dago ihesbiderik.
'Parot doktrina' izan du hizpide gaur Cospedalek, zeharka bada ere; izan ere, asteazkenean 'Parot doktrina'ren gaineko epaia emango du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak.
Cospedalek salatu duenez, zenbaitek arrazoi humanitarioak aipatzen dituzte legeari izkin egiten saiatzeko, baina "popularrok duintasuna, justizia eta egia lehenesten ditugu".
"PPk terrorismoaren biktimen alde egin du lan beti, eta lanean jarraituko du horien eskubideak babesteko. Biktimek mendekurik hartu ez dutenez, guri dagokigu justizia eskatzea", gaineratu du.
Estrasburgoko Auzitegiak asteazkenean emango du epaia
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak asteazkenean emango du Ines del Rio presoaren eta "Parot doktrina"ren inguruko epaia. Ines del Riori 3.200 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, 23 hilketetan parte hartzeagatik eta beste 57 egiten saiatzeagatik.
Tafallako presoari 'Parot doktrina' ezarri zioten, horren arabera zigorren murrizketak zigor bakoitzari ezartzen zaizkio, eta ez guztiak batuta irteten den urte kopuruari.
Uztailean Ines del Rio aske uzteko agindua eman zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, baina Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztu zuen, eta Estrasburgoko auzitegiak helegitea aztertu bitartean espetxean jarraitzen du preso tafallarrak.