Politika -
Epaile aurrean deklaratu du
Pons: 'Nire sinadurarekin ez zitzaion diru publikorik ordaindu Noosi'
''Egia da nire sinadura hitzarmen batean dagoela', aitortu du, ''baina egia da baita ere Generalitateko Gobernuak aurretik egindako akordio batean dagoela sinadura hori'', gaineratu du.
Erredakzioa
Esteban Gonzalez Pons Valentziako kontseilari ohi eta PPko idazkariordeak astearte honetan azaldu duenez, bere sinadurarekin ez zitzaion diru publikorik ordaindu Noos Institutuari.
Iñaki Urdangarinen Institutuaren eta Valentziako Generalitatearen arteko 382.203 euroko hitzarmenaren inguruan deklaratu du epaile aurrean Gonzalez Ponsek, Institutuak 2006ko Europako Jokoak Valentzian antola zitzan sinatutako akordioa dela-eta.
Epaitegietatik irtetean egin ditu adierazpenak PPko kideak, bertan zain zituen kazetarien aurrean. Ponsek agerraldi horretan argitu duenez, diputatua izanda deklarazioa bere bulegoan egiteko duen eskubideari uko egin dio, eta ''herritar gisa'' joan da deklaratzera.
Bestalde, PPko kideak onartu egin du bere sinadura hitzarmenean dagoela, ''baina egia da baita ere Generalitateko Gobernuak aurretik egindako akordio batean dagoela sinadura hori'', esan du.
''Nire sinadurarekin ez zitzaion euro publiko bat bera ere ordaindu institutuari'', adierazi du; bestela, hori sinatzea ''askoz gehiago'' pentsatuko zuela esan du Gonzalez Ponsek.
Erregearen aholkulariaren deklarazioa
Jose Manuel Romero Fontao konte eta Erregearen Etxeko aholkulariak ere epailea aurrean deklaratu du astearte honetan, eta, adierazpen horrek Erregearen Etxeari ''kalterik'' egingo ez diola adierazi du. Halaber, erregearen aholkulari gisa jarraitzerako orduan eraginik izango ez duela gaineratu du, eta egindako deklaraziorekin ''oso pozik'' dagoela esan du Fontao konte kazetarien aurrean.
Hala, Noos Institutua uzteko eskatu zion Iñaki Urdangarini 2006an, Erregearen Etxeko aholkulari juridikoak epailearen aurrean gaur azaldu duenez. "Dukea izateagatik" etekin ekonomikoa ez lortzea nahi zuen Romerok. Iturri judizialak aipatuz Efe agentziak jakitera eman duenez, aldizkari batean irakurrita eta inguruko pertsona baten eskutik izan zuen Fontao konteak Urdagarinen jardunen berri.
Jardun horiek etikoki Erregearen Etxearekin bat egiten ez zutela azaldu eta Noos uztea eskatu zion Urdangarini, epailea aurrean azaldu duenez. ''Txartela'' kontratu publiko eta pribatuak lortzeko ''berme gisa'' erabiltzea ekidin nahi zuen aholkulariak neurri horrekin, epaileari azaldu dionez.