Politika -
Bettencourt auzia
Nicolas Sarkozy, inputatuta
2007. urteko hauteskunde kanpainarako dirua lortzeko helburuz "Liliane Bettencourt adineko aberatsaren ahultasunaz baliatu izana" egotzi diote.
Erredakzioa
Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohia Bettencourt auzian inputatu dute. Hain zuzen ere, 2007. urteko hauteskunde kanpainarako dirua lortzeko helburuz "Liliane Bettencourt adineko aberatsaren ahultasunaz baliatu izana" egotzi diote.
Estatuburu ohiak lekuko gisa deklaratu zuen atzo Bordelen, eta inputatuta atera zen Justizia Jauregitik.
Atzoko deklarazioan, hauteskunde kanpainan Sarkozyk Bettencourt zenbat aldiz bisitatu zuen argitu nahi zuten epaileek.
Akusazioak baieztatuko balituzte, hiru urte arteko espetxe zigorra ezar liezaiokete Sarkozyri.
Liliane Bettencourtek (90 urte ditu egun) "dementzia mistoa" eta alzheimerra ditu, eta Sarkozy horretaz baliatu zela uste dute, hainbat aldiz diru eske joan omen zitzaiolako.
2010.ean Poliziaren aurrean egindako deklarazio batean, sendiaren administratzaileak Sarkozyren hauteskunde kanpainara 150.000 euro bideratzea eskatu ziola azaldu zuen Bettencourten kontulari ohiak, Claire Thiboutek.
Gainera, Sakozyren bulegoan atzemandako agendak irakurrita, estatuburu ohia eta Bettencourt hainbat aldiz batzartu zirela egiaztatu zuen Poliziak.
Auzia kasualitatez azaleratu zen, Bettencourten alabak senideen arteko tirabira bat auzibidean jarri zuenean.
Sarkozy Justiziaren aurrean deklaratu behar izan duen bigarren estatuburu ohia da. Lehena Jacques Chirac izan zen. 2011. urtean bi urteko espetxe zigorra ezarri zioten, ustelkeria dela eta, baina ez zuen zigorra bete behar izan.