Politika -

100 egun Gobernuan

Atutxa: 'Lehen egunetik Eusko Jaurlaritzak eraso bortitzak jasan ditu'

EAJren Bizkaiko presidenteak deitoratu duenez, oposizioak ez dio Urkulluri konfiantza tarte txiki bat ere eman. Hala ere, maiatzetik aurrera gainerako alderdiekin akordioak bilatzeko prest azaldu da.

Itxaso Atutxa EAJren Bizkaiko presidentea. Argazkia: EITB
Itxaso Atutxa EAJren Bizkaiko presidentea. Argazkia: EITB
Itxaso Atutxa EAJren Bizkaiko presidentea. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itxaso Atutxa EAJren Bizkaiko presidenteak EFEri eskainitako elkarrizketan esan duenez, oposizioak ez dio Iñigo Urkulluri konfiantza tarte txiki bat ere eman. "Ez dizkiote aste pare batzuk ere eman", deitoratu du. "Lehen egunetik, Jaurlaritzak eraso bortitzak jasan ditu", esan du Atutxak oposizioko alderdiei eta hainbat sindikatuei aipamena eginda.

Egonkortasun akordioak

Halaber, Atutxak iragarri duenez, EAJk egonkortasun akordioak bilatuko ditu maiatzetik aurrera, behin Urkulluk aurkeztutako aurrekontuen tramitazioa amaituta. Izan ere, Gasteizko Legebiltzarrean EAJk ez du gehiengorik.

"Gainerako alderdiekin akordioak lotzeko gai garela agerian utzi dugu. Legegintzaldiak aurrera egin ahala, gainerako alderdiekin akordioak lotuko ditugulakoan nago", azpimarratu du.

100 egun igaro dira Urkullu Ajuria Eneara heldu zenetik, eta EAJk hainbat neurri aurrera atera baditu ere, gutxiengo izatea "ez da egoera onena". Gauzak horrela, edozein alderdi politikoarekin hitz egiteko prest azaldu da.

PSErekin adostea

Hala ere, Atutxak zehaztu duenez, litekeena da PSErekin adostea errazago izatea, "Patxi Lopezek horretarako lagundu ez badu ere". "PSEren barnean badaude akordioetara iristeko asmoa dutenak", ondorioztatu du. "PSE arduratsu da eta Euskadiko egoera oso ondo ezagutzen du, eta hausnarketa egingo duelakoan nago", esan du.

EH Bilduri dagokionez, ordea, "zaila" izango dela akordioak lotzea esan du Atutxak, "herritarren aurrean EAJren alternatiba bezala aurkeztu delako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea