Politika -
Balantzea
Iñigo Urkullu Ajuria Enean: 100 egun eta hiru helburu
Enplegua, bakea eta elkarbizitza, eta Euskadiren izena mugatik haratago eramatea dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakariak legealdi honetarako planteatutako helburuak.
M.U. / T.S.J.
100 egun igaro dira Iñigo Urkullu Ajuria Eneara iritsi zenetik, eta Exekutiboaren buru den heinean, lehendakariak hiru ildo zehaztu ditu agintaldi honetarako: enplegua sustatzea, elkarbizitza sendotzea eta Euskadi nazioartean kokatzea. Halaber, helburu hauek betetzeko hiru oinarri ezarri ditu jeltzaleak: herritarrekiko konpromisoa, bakea eta autogobernua garatzea.
Enplegua
Aste honetan enplegua sustatzeko plana eta enpresa txiki eta ertainen finantzaketarako laguntzak aurkeztu ditu lehendakariak. Enplegurako eta Politika Sozialerako Sailak jakinarazi duenez, enplegua suspertzea, herritarrei babes soziala eskaintzea eta alokairuaren bitartez etxebizitzak eskaintzea izango ditu hizpide.
Gauzak horrela, lehendakariak larunbat honetan iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak 600 euroko diru-laguntza emango dizkie hilero inoiz lan egin ez duten gazteak gutxienez lau hilabetez kontratzen duten euskal enpresei. Neurri ekonomiko horrek "5.280 gazteei lan arloan esperientzia eskaintzea" izango du helburu.
'Herrialde marka'
Bestalde, lanpostuak sortzearen alde ere egingo duela iragarri du Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako sailburuak, hiru zutabe oinarritzat hartuta: politika industriala, berrikuntza eta nazioartekotzea.
Horren harira, ekonomiako sektore guztien lehiakortasuna hobetzeko eta atzerriko inbertsoreak erakartzeko, "herrialde marka" garatuko duela azpimarratu du Tapiak.
Hezkuntza
Hezkuntza alorrean, berriz, Euskadiren sistema defendatuko duela nabarmendu du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak. Izan ere, sailburuak ohartarazi du Eusko Jaurlaritzaren eskumenak "defendatuko" dituela Jose Ignacio Wert ministroaren hezkuntza erreformari aurre egiteko, eta euskal hezkuntza sistemarekiko "errespetua" izateko eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Halaber, zentzu berean mintzatu da Jon Darpon Osasun sailburua. Darponek adierazi duenez, bere sailak ez du gaur egun EAEn indarrean dagoen txertoen egutegia ez den besterik onartuko. Gainera, Espainiako Gobernuak derrigorrez bete beharreko araurik ez inposatzea espero du.