Politika -
ETAren agiria
EAJ: 'ETAk euskal gizarteri zor dio bakea, ez Gobernu zentralari'
PPk, berriz, "mehatxu kutsua erabilita bere ahultasuna gorde nahi" izatea egotzi dio ETAri.
Erredakzioa
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak hizpide hartu du ETAren azken agiria, eta duela 16 hilabete indarkeriaren azkena iragarro zuenean, "alde bakarreko" ibilbidea hasi zuela gogorarazi dio.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, "alde bakarrekoa izateak alde bakarrekoa izatea" esan nahi duela nabarmendu du Tejeriak. "ETAk ezin du noiznahi esan ez dakit nork urratsak eman ez dituela, eta are gutxiago herritarrak beldurtzea ez dakit zerk ondorio negatiboak izango dituela esaten".
Andoni Ortuzar EAJko presidenteak Espainiako Gobernuari baino gehiago, bakea euskal gizarteari "zor" diola esan dio ETAri. Horrenbestez, Mariano Rajoyren Exekutiboarekin "negoziazio politikorik" egin behar ez duela nabarmendu du.
Buruzagi jeltzalearen esanetan, ez du merezi ETAren agiria hizpide hartzea, erakunde armatuak "bere burua justifikatzea" duelako helburu. "Gero eta gutxiago axola digu ETAk esaten duena", gaineratu du.
Iñaki Oyarzabal EAEko PPren idazkari nagusiak adierazi duenez, ETA "mehatxu kutsua erabiliz bere ahuldadea gorde nahian dabil" eta Mariano Rajoy Espainiako presidenteak "terroristen aurrean ez duela ez amore emango ezta negoziatuko ere" azpimarratu du.
Halaber, PPko ordezkariak "Bilduri eta bere ingurukoei, gertatutako guztia justifikatzen ari direnei, atzera egiteko eta horrelako mehatxuak gaitzesteko eskatu behar" zaiela azpimarratu du.