Politika -
Aberri Egunaren bezperan
Independentzia proiektua gero eta sinesgarriagoa dela dio EH Bilduk
Koalizioak Espainiako eta Frantziako Estatuei “euskal gizartearen nahia errespetatzea” eskatu die, “Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duelako”.
Erredakzioa
Euskal Herria Bildu koalizioaren ustez, "independentzia proiektua gero eta sinesgarriagoa da", eta Espainiako eta Frantziako Estatuei "euskal gizartearen nahia errespetatzea" eskatu die, "Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duelako".
Aberri Egunaren bezperan, EH Bilduk esan du azken urtean bai Euskal Herrian bai nazioarte mailan izandako gertaera politikoek eta sozioekonomikoek independentzia gero eta proiektu sinesgarriagoa dela erakutsi dutela.
"Eskozian, Flandesen, Katalunian eta Euskal Herrian emandako pausoek Europan herri izaera duen gure subiranotasunaren aldeko mugimendu sakon bat dagoela aditzera eman dute", adierazi du koalizioak. Eta, horren ostean, Eskozian aurreikusitako erreferenduma bat Euskal Herrian egitea zergatik ez den posible galdegin du.
Testuinguru horretan, EH Bilduk Espainiako eta Frantziako Estatuei "euskal gizartearen nahia errespetatzea" eskatu die, baita "erabakitzeko eskubidea praktikan jartzeko pausoak ematea" ere.
"Egoera sozioekonomiko larriak subiranotasun beharra inoiz baino argiago erakusten" duela azpimarratu ostean, hori guztiagatik "subiranotasun osoa eta erabakitze eskubidea praktikan jartzea" aldarrikatuko duela esan du Aberri Egunerako antolatutako ekitaldietan.