Politika -

Aberri Eguna

EAJk eskua luzatu dio Gobernuari Estatu ereduaz hitz egiteko

Jeltzaleak PPrekin hitz egiteko prest agertu dira, egungo Estatu ereduak funtzionatzen ez duela argudiatuta.

Iñigo Urkullu Aberri Eguneko ekitaldian. Argazkia: EiTB
Iñigo Urkullu Aberri Eguneko ekitaldian.
EAJk eskua luzatu dio Gobernuari Estatu ereduaz hitz egiteko

1:39

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EBBko presidenteak eskua luzatu dio igande honetan Espainiako Gobernuari, funtzionatzen ez duen estatu ereduaz hitz egin ahal izateko.

Buruzagi jeltzalearen ustez, egungo Estatu ereduak ez ditu kataluniarrak eta euskaldunak asetzen, eta "orain, dirudienez, ezta espainiarrak ere". Hori dela eta, estatu espainiarrak aldaketa sakona behar duela iritzi dio.

Aberri Egunaren harira, ekitaldia egin du EAJk Bilboko Plaza Barrian. Ortuzarren hitzaldiarekin amaitu da jeltzaleen ekitaldi politikoa, baina aurrez Iñigo Urkullu lehendakariak hitz egin du.

Eusko Jaurlaritza euskal nazioarekin konprometituta dagoela esan du Urkulluk, eta horregatik, Euskadirentzat estatus politiko berria negoziatzearen alde agertu da. "Euskadik askatasunez erabaki nahi du etorkizuna . Ez daukagu beste aukerarik", gaineratu du.

Estatus politiko berria adostasunetik eta akordiotik bilatuko duela esan du, "baina baita onespenetik eta euskal herritarrek aske adierazitako nahitik ere".

Horregatik, Espainiako Estatuak "aldaketa" behar duela esan du, bi premisatan oinarrituta: "euskal identitatea onartzea, aldebitasunetik, eta etorkizuna erabakitzeko askatasunarekiko errespetua". Gainera, lurraldetasunaren ideia nabarmendu du, Nafarroari eta Iparraldeari aipamen eginez. "Pertsona askeen Euskadi askea, hori da gure nahia", azpimarratu du.

Krisi ekonomikoa

Krisi ekonomikoa ere izan dute hizpide jeltzaleek Aberri Eguneko agerraldian. Gizarte politikei eusteko konpromisoa berretsi du lehendakariak. Azpimarratu duenez, ez dute inor atzean utzi eta nahiago dute astiro ibili guztiek batean aurrera egiteko.

ETAren agiria

Iñigo Urkullu lehendakariak Aberri egunaren harira, ETAk bidalitako azken agiria izan du hizpide, eta hasitakoa amaitzeko eskatu dio ETAri, "alternatibarik ez duelako". Horren ustez, euskal gizarteak ez du disoluzioa ez den beste erabakirik onartuko. "Bakea nahi dugu, bakea merezi dugu, zauriak ixteko garaia da. Bakearen eta elkarbizitzaren legegintzaldia izan dadila", gaineratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea