Politika -
Lau aste iraungo du
Capbretongo hilketen auzia epaitzen hasi dira, Parisen
ETAko zazpi ustezko kide epaituko dituzte, Raul Centeno eta Fernando Trapero guardia zibilak hiltzea egotzita. Ustezko hiltzaileentzako "zigorrik handiena" eskatu du Centenoren amak.
Erredakzioa
Frantziako Justizia ETAko zazpi ustezko kide epaitzen hasi da gaur, 2007. urteko abenduaren 1ean Capbretonen Raul Centeno eta Fernando Trapero guardia zibilak hiltzea egotzita.
Epaiketa Parisko Justizia Auzitegian egingo dute, eta lau aste iraungo du.
Akusatuen aulkian, zantzuen arabera hilketa gauzatu zuen taldeko hiru ustezko kideak daude: Mikel Carrera, Ata; Saioa Sanchez, Hintza, eta Asier Bengoa. Fiskaltzaren ustez, Carrerak egin zituen tiroak. Epaileek erruduntzat jotzen badituzte, biziarteko espetxe zigorra ezar diezaiekete.
Gainerako auzipetuak hauek dira: Garikoitz Aspiazu, Txeroki; Eider Uruburu; Ibon Goieaskoetxea, eta Iratxe Sorzabal. Azken hori, baina, ez da akusatuen aulkian eseriko, ihes eginda baitago.
Frantziako Poliziareb arduradunek ETAren krimena halabeharrez gertatu zela esan dute epaiketaren hasieran.
Capbretongo "odol hotzeko krimena" bezalakorik ordura arte "sekula" ikusi ez zutela aitortu du Frederic Vaux Frantziako terrorismoaren aurkako indarren buruzagiak.
Vaux SDATeko arduraduna izan zen 2008ra arte. Bi guardia zibilek ETAko hiru kiderekin Capbretongo kafetegi batean "zoriz" topo egin zutela adierazi du Vauxek.
Centenoren ama
Ustezko hiltzaileentzako "zigorrik handiena" eskatu du gaur Raul Centeno guardia zibilaren amak Parisen. Bera epailea izango balitz "heriotza-zigorra" ezarriko liekela azaldu du Centenoren amak.
"Nik heriotza-zigorra eskatuko nuke, Talionen legea aplikatuko nieke", baina hori posible ez denez "zigorrik handiena nahi dut", adierazi du Blanca Esther Bayon Gonzalezek.
Krimenaren ustezko egileak aurrean edukita zer sentitzen duen galdetu diote Fernando Trapero Gomezi, beste guardia zibilaren aitari. "Imajinatu dezakezue", erantzun du.
Epaiketaren aurreneko saioa ordubeteko atzerapenarekin hasi da. Zazpi auzipetuen bi eskakizun aztertu dituzte eta auzitegiak biak atzera bota ditu.
Guardia Zibilen sei senitarteko izan dira saioan, gurasoak tartean. Mari Mar Blancok, Miguel Angel Blanco PPko zinegotziaren arrebak, biktimak lagundu ditu. Zinegotzia 1997an hil zuen ETAk.
Gertakariak
ETAk Capbretongo kafetegi baten aparkalekuan hil zituen Raul Centeno (24 urte) eta Fernando Trapero (23) guardia zibilak. Agenteak egun batzuk lehenago iritsi ziren Madrildik, Frantziako agintariekin ETAren aurkako borrokan parte hartzeko, eta ez zuten armarik.
Biek hainbat tiro jaso zituzten buruan. Centeno berehala hil zen, eta Trapero lau egun geroago, Baionako ospitalean.
Epaiketa honekin, baliteke Frantziak laugarrenez kondenatzea Txeroki. Lehen espetxe zigorra 2008. urteko azaroaren 17an atxilotu baino aste batzuk lehenago ezarri zioten, eta azkena duela bi aste, autoa osteko helburuz Gipuzkoako sendi bat bahitzeagatik.