Politika -

Koke plantaren inaugurazioa

Urkulluri eta Bilbaori atzera egiteko eskatu diete PPk eta PSEk

Petronorren lantegiko inaugurazioan ez badago Urkulluk lehendakari gisa neurria emango ez duela adierazi du Basagoitik. Pastorren ahotan, ekitaldian ez izatea "ulergaitza" da.

Muskizko koke planta. Argazkia: Petronor
Muskizko koke planta. Argazkia: Petronor
Muskizko koke planta. Argazkia: Petronor

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakaria Petronor konpainiako koke planta berriaren inaugurazioan, asteazken honetan, azaltzen ez bada karguak "agintzen duen bezala" arituko ez dela esan du gaur Antonio Basagoiti Euskadiko PPren presidenteak. Basagoitiren hitzetan, "Euskadiko historian industria inbertsiorik handiena da".

Ekitaldian ez izateko "aitzakiarik ez" dagoela ziurtatu du Basagoitik. "Ez oporrik, ez EAJko aurreko presidenterik (Josu Jon Imaz Petronorreko presidentea), ezta printzea bertan egotea ere; Euskadiri babesa emango diolako beti, lehendakaria nor den kontuan izan gabe", azaldu du PPko agintariak.

Bestalde, Urkullu eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia koke lantegiaren inaugurazioan ez izatea "ulergaitza" dela uste du Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaileak.

Lehendakari batek "herrialdeko motor ekonomikoa den enpresa bat horrela gutxietsi" dezakenik uste ote duen galdetu dio Pastorrek Urkulluri.

Erabakian "atzera egiteko" eta inauguraziora joateko eskatu die Carlos Urquijo Espainiako Gobernuko ordezkariak Bilbaori eta Urkulluri.

Urquijoren ahotan, "mota honetako mespretxu bat ezin daiteke agenda arazoekin estali; inaugurazioaren data duela hilabete bat baino gehiago jakinarazi zutelako". Urkulluk eta Bilbaok aitzakia berdina erabiltzea salatu du Urquijok.

Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak Josu Erkoreka bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justizia sailburua eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua bidaliko ditu ekitaldira. Felipe Borboikoa Asturiasko printzea ere izango da bertan.

Inbertsio handia

Koke plantan, fuel-olioa eraldatuko dute, gasolio gehiago ekoitzi ahal izateko, produktu horren eskaria askoz handiagoa baita.

Azpiegiturak 800 milioi euroko baino gehiagoko inbertsioa ekarri du, eta Muskizko findegiaren etorkizuna bermatuko du, Josu Jon Imaz Petronorreko presidenteak duela bost urte azaldu zuenez.

Instalazioa udazkenean bukatu zuten, baina harrezkero probak egiten izan dira. Eraikitzeko, 1.500 lanpostu sortu zituzten.

Petronor da EAEko aldundien diru-kutxan ekarpen handiena egiten duen konpainia (750 milioi euro ematen dizkio urtean Bizkaiko Aldundiari). Gainera, 900 langile ditu, eta beste 6.000 enpresa laguntzaileetan. Repsolek enpresa horren akzioen % 85 ditu; gainerako % 15ak Kutxabanken esku daude.

Ekologisten protesta

Meatzaldea Bizirik elkarte ekologistak elkarretaratzea egingo du astearte honetan, koke planta "legez kanpokoa" dela uste baitute. Protesta ekitaldia 19:30ean izango da, Muskizeko kultura aretoaren aurrean.

Elkarteko kideen aburuz, "bitxia da inaugurazioa Administrazio Auzietarako Auzitegiak Udalak planta eraikitzeko eman zituen jarduera eta obra lizentziak legez kanpokotzat jo eta hilabetera egitea". Ebazpen hori emateko, Kostalde Departamentuak itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan eraikitzeko baimenik eman ez izana hartu zuen Auzitegiak argudiotzat, Meatzaldea Bizirik taldeak esan duenez.

Elkarteak, gainera, instalazioa eraiki duten bitartean langabezia tasa hirukoiztu egin dela salatu du. Gainera, Muskizeko herritarrek "bentzeno, tolueno eta xileno maila altuegia" arnastu dutela eta herrian "hilkortasun orokorra eta minbiziak eragindakoa EAEko batez bestekoa baino handiagoa" dela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea