Politika -
Mintegiren aurkako ikerketa
Laura Mintegiren auzia artxibatzearen alde agertu da Calparsoro
EAEko fiskalburuak erabakia pare bat astetan finkatuko duela aurreratu du, baina auzia artxibatzearen alde agertu da legebiltzarkideek bere funtzioen baitan berezkoa duten bortxaezintasuna aipatuz.
eitb.com
Laura Mintegiren auzia artxibatzearen alde agertu da Juan Calparsoro EAEko fiskalburua.
EAEko fiskalburuak Euskadi Irratian esan duenez, pare bat astetan hartuko du erabakia, baina litekeena auzia artxibatzea dela aurreratu du.
Euskadi Irratiari esan duenez, "oso zaila da aurrera ateratzea, legebiltzarkidea da eta Estatutuaren arabera pribilegioa du; hori oztopo garrantzitsua da", azaldu du, legebiltzarkideen bortxaezintasuna aipatuz.
Juan Calparsoro EAEko fiskalburuak ikerketa abiatu zuen joan den martxoaren 21ean Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailearen aurka, aurreko astean Eusko Legebiltzarrean egindako saioan terrorismoa goratu ote zuen argitzeko.
Saio horretan, Fernando Buesa sozialistaren hilketak "jatorri politikoa" zuela eta "elkarrizketaren bidez saihestea posible" zela esan zuen koalizio abertzalearen bozeramaileak.
Fernando Buesaren omenaldian ''lasai asko'' egon izana leporatu zion Arantza Quiroga PPko legebiltzarkideak Laura Mintegiri, eta EH Bilduko ordezkariak kritika horri erantzun zion.
"Egon badago zirkinik egin gabe uzten ez nauen gauzarik. Ezin da esan lasai asko egon nintzela biktima baten omenaldian, biktima guztiek arrazoi politiko batengatik hil direlako, ez istripu batean, bihotzeko batek jota, minbiziak jota edo zorigaizto baten ondorioz'', esan zuen Laura Mintegik.
Mintegiren hitzek protestak eragin zituzten Legebiltzarrean, eta Bakartxo Tejeriak Bakerako eta Elkarbizitzarako lantaldearen sorrera atzeratzeko erabakia hartu zuen.
Hitzok abiatu zuten ikerketa. Tejeriak EAEko fiskal nagusiaren idatzia jaso zuen eta bertan, Laura Mintegi legebiltzarkideak egindako adierazpenak Kode Penalaren 578 atalean tipifikatutako terrorismoaren goraipamen edo terrorismoaren justifikaziotzat har daitezkeen aztertu eta ikertzeko martxoaren 14ko osoko bilkuraren akta eskatzen zen.
Zer da forupekoa izatea?
Hainbat goi-ordezkari politiko forupekoak dira Espainian, hala nola Espainiako Gobernuko presidentea, ministroak, gobernuburu autonomikoak eta diputatuak, bai Diputatuen Kongresukoak, bai erkidegoetako parlamentuetakoak ere.
Babes juridiko horren helburua jazarpen politikoen biktimak ez izatea da, baina ustelkeria auziek kolokan utzi dute pribilegio hori, buruzagi politiko askok erantzukizun penalak saihestu dituztelako, ustez delitua egin badute ere.
Forupekoa izateak, baina, ez du erabateko babesa ematen: mugatu egiten du ikerketa abiatu dezaketen auzitegien kopurua.
Era horretan, Gernikako Estatutuaren 26.6 artikuluaren arabera, legebiltzarkideak ukiezinak izango dira beren kargugintzan azalduko dituzten boza eta iritziak medio, eta "delitu nabaria egonez gero" EAEko Auzitegi Nagusian epaituko lukete.
Ordezkari politikoak ez ezik, Estatuko beste hainbat goi-kargudun ere dira forupekoak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko (BJKN), Auzitegi Goreneko eta Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak eta Estatuko fiskal nagusia, kasu.