Politika -
Salaketa
UPNren 'haizegailuaren politika' ez duela onartuko esan du Barkosek
UPN Nafarroako Gobernuak bizi duen krisia estaltzeko helburuarekin egiten ari zaion "jazarpena" salatu du beste behin Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak.
Erredakzioa
UPN Nafarroako Gobernuak bizi duen "krisia estaltzeko" helburuarekin "haizagailuaren politika" egiten ari dela esan du Uxue Barkos Geroa Bairen Kongresuko diputatuak eta ez duela hori onartuko ohartarazi du.
Uxue Barkosek akziodun den Euskalerria Irratiarentzat 150.000 euroko diru laguntza eskatu zuela zioen berria argitaratu zuen atzo Diario de Navarrak, eta Geroa Baiko diputatuak gai horren inguruko azalpenak eman ditu, berriro, Kongresuan egin duen prentsaurreko batean.
Horren esanetan, emisora horri diru-ekarpena egin zion, diru hori berriro ez jasotzeko esperantzarekin, euskaraz komunikatzeko gizarte proiektu bati laguntzeko asmoz, eta akzio horiek ez dituela jaso ere egin nabarmendu du.
UPNk CAN auziko dieten harira bizi duen krisia dela eta, bere gain eta Geroa Bairen gain egiten ari den "jazarpena" salatu du Barkosek.
Halaber, horrelako "jazarpen" batzuk jada auzitegietara bideratu dituela gogoratu du Geroa Baiko diputatuak, adibidez, bere gaixotasuna politika mailan etekinak lortzeko erabiltzen zuela egotzi ziotenekoa, edota, bere ondasunak estaltzeaz akusatu zutenekoa, azken akusazio horregatik jarritako salaketa, hain zuzen, epaileak tramitera onartu duela gogoratu du.
Euskalerria Irratirako eskatutako laguntzarekin ez duela Administrazio Prozedurako Legea urratu esan du, berriro, Uxue Barkosek.