Politika -
Epaia
Italiak Lander Fernandez estraditatzea onartu du
Justizia Ministerioak estradizioa bideratu eta berehala espainiaratuko dute. Auzitegi Nazionalak terrorismo delituak eta txikizioak egin izana egotzita epaitu nahi du.
Erredakzioa
Italiako Auzitegi Gorenak Lander Fernandez Arrinda estraditatzea onartu du. 2011ko ekainaren 13an atxilotu zuten Erroman, hura atxilotzeko eta entregatzeko euroagindua onartu eta hurrengo egunean. Terrorismo delituak eta txikizioak egitea egotzi dio Espainiak.
Lander Fernandez espainiaratzea onartu zuen Italiako auzitegi batek urtarrilaren 16an, Espainiako Gobernuak hala eskatuta. Lander Fernandezek, ordea, helegitea jarri zuen.
Auzitegi Gorenak atzo argitaratu zuen epaia, eta epaileak Lander Fernandezen helegitea ez onartzea erabaki du. Halaber, epaiketaren gastuak bere gain hartu beharko ditu.
Italiako Justizia Ministerioak estradizioa bideratu eta berehala espainiaratuko dute Lander Fernandez.
"Italiak onartu duen lehen estradizioa izango da, delitua euroagindua indarrean sartu aurrekoa delako", iturri judizialen arabera.
Uztailaren 6an Espainiako Ministro Kontseiluak Lander Fernandezen estradizioa eskatzea onartu zuen, kale borroka" ekintzetan parte hartzea eta, zehazki, Bilboko hiri-autobus bat erretzea egotzita.