Politika -
Bakegintza
Erbesteratutako irakasleak itzultzeko ekimena jarri du martxan EHUk
ETAren mehatxua pairatu zuten irakasleei eskutitz bat igorri die bilera bat egin eta euren lanpostuetara itzultzea errazteko.
Erredakzioa
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) ETAren mehatxua zela eta erbesteratu ziren irakasleak eskolak ematera itzul daitezen ekimena jarri du martxan.
EHUk gutxienez sei irakasleri gutun bat igorri die, bertan, euren lanpostuetarako itzulera errazteko pausoak emateko bilera baterako deialdia egiten zaie, Deia egunkariak ostiral honetan argitaratu duenez.
Berri horretan jasotzen denez, EHUko Errektoretzak "egoera horretan dauden pertsonekin harremanetan" jarri dela baieztatu du, baina ez dute zehaztu egoera horrek zenbat irakasleri eragiten dien. Horien artean daude, Gotzone Mora, Paco Llera, Txema Portillo eta Sara Torres.
ETAk indarkeriaren amaiera iragarri eta gero bizi den garaiaren inguruan Jaurlaritzako Segurtasun Sailari kolektibo horren balizko arriskuen inguruko txosten bat egiteko eskatu zion unibertsitateak, eta horren ondoren jarri du martxan ekimena.
Txosten horretan jasotzen denez, egun ez da mehatxuak pairatu dituzten irakasleen "lan egoeraren normalizazioa eragozten duen inolako arriskurik".