Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Lopez: 'Madina eta biok ideien borrokan gaude, ez izenen borrokan'
Sozialistak nabarmendu duenez, bera ez da "existitzen ez den gauza baterako hautagaia, ez baitako PSOEren lidertza hartzeko lehiaketarik".
Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusi eta lehendakariak esan duenez, Eduardo Madina Talde Sozialistako Kongresuko idazkari nagusia eta Lopez bera ez daude "izenen borrokan", "ideien borrokan" baizik.
Halaber, Lopezen esanetan, ez da "existitzen ez den gauza baterako hautagaia, ez baitago PSOEren lidertza hartzeko lehiaketarik".
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean esan duenaren arabera, Madina eta bere arteko balizko hautagaitzen gaineko espekulazioak -Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren lidertzan ordezkatzeko- PSOEtik kanpo eta "ideologia zehatz" bateko hedabideetatik datoz.
"Agian norbaitek beste gauza batzuen gaineko interesa desbideratzea nahiko du, PSOEren baitan ideien eztabaida gertatzen ari denean, proposamenak alderatuz, alternatiba eta proiektu politikoa zehaztu eta berregiteko", gaineratu du.
Horren ildotik, euskal sozialistak nabarmendu duenez, "benetan garrantzizkoa" dena PSOEk jendaurrean aurkeztuko duen programa da, alegia, zeintzuk dira "herrialde honek dituen arazo larrien" aurrean egiten dituen proposamenak.