Politika -
Finantzaketa
PSE-EEk bi milioi euro baino gehiagoko aurrekontua du 2013rako
Gutxi gora behera, aurrekontuaren erdia Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza baten bidez jaso du. Gasturik handiena pertsonalean egiten da (640.000 euro).
Erredakzioa
PSE-EEren behin behineko aurtengo aurrekontua bi milioi euro baino gehiagokoa da, milioi bat inguru Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntza baten bidez jasoko du, eta beste 520.000 euro, talde parlamentarioak jasotako partida baten bidez. Hirugarren diru-sarrerarik garrantzitsuena aurreko urtean gastatu ez zuten dirua da, 221.000 euro, hain zuzen.
2013rako diru-sarrera batzuk legebiltzarkideen kuotaren bidez jasoko dute (91.000 euro), kargudun publikoen kuotetatik (47.250 euro), Batzorde Exekutibo Federalaren diru-laguntzatik (44.640 euro) eta afiliatuen kuoten bidez (25.000 euro).
2013rako behin behineko aurrekontua apirilaren 20an onartu zuten, PSE-EEren Batzorde Nazionalean, Eusko Jaurlaritzak aurrekontuak onartzen eta alderdiek jaso behar dituzten diru-laguntzak ezagutarazten dituzten esperoan.
Sozialistek webgunean plazaratu dute aurtengo aurrekontua, alderdiaren VII. Kongresuan agindu zutenari jarraituta. Kontuak aireratzen dituen lehenengo euskal alderdia da.
Behin behineko aurrekontua da, Eusko Jaurlaritzak Aurrekontuak onartu ez dituelako, ez baitakite zein izango den zehazki alderdien funtzionamendurako jaso behar duten diru kopuru zehatza.
Gastuen atalean, handiena jarduera politikoa ordaintzeko zuzenduko dute, aurten ez baitago hauteskude kanpainarik. Partidarik handiena pertsonalean xahutuko da (640.000 euro); ekitaldi pulibkoetan, arrosaren festan, batzorde nazionaletan, bileretan, jardunaldietan... (485.000 euro), ohiko gastuetan (370.000 euro), alderdiaren organuetako transferentzietan (175.000 euro) eta kongresuetan (132.000 euro).