Politika -
Kartzela-politika
Gaixo dauden presoen herrietako alkateek batzordea osatu dute
Hernani, Errenteria, Ondarroa, Larrabetzu, Lasarte-Oria, Arbizu eta Aguraingo alkateek bilera-sorta egingo dute alkateekin eta erakundeekin, presoen giza-eskubideak errespeta daitezela exijitzeko.
Erredakzioa
Gaixotasun larriak dituzten presoen 7 udalerrietako alkateek Batzordea osatu dute, egoera horretan dauden 15 presoak aske utzi eta preso guztien giza eskubideak errespeta daitezela exijitzeko.
Beste alkateekin bilera-sorta hasiko dutela iragarri dute. Beste erakundeetako ordezkariekin ere bilduko dira, eta ez dute baztertzen Europara jotzea ere.
Alkateen Batzordeak bi helburu nagusi ditu: batetik, Espainiako eta Frantziako estatuen espetxe-politika salatzea, eta bestetik, alderdi politikoei eta erakundeei egoera horren aurrean duten jarrera azal dezatela eskatzea.
Hernani, Errenteria, Lasarte-Oria (Gipuzkoa), Ondarroa, Larrabetzu (Bizkaia) eta Aguraingo (Araba) alkateek esan dutenez, alkate diren neurrian herritarrak babesteko beharra sentitzen dute, eta horregatik jarri dute ekimena martxan.
Alkateek preso gaixoak kartzelatik ateratzeko konpromisoak eta urratsak mahai gainean jarri nahi dituzte, indarrean dagoen legedia bete dadila aldarrikatu nahi dute, eta gaixo dauden presoentzat baldintzapeko askatasuna eskatzen dute.