Politika -
Gallardon babestu du
Fernandez Diaz: 'Abortuak eta ETAk badute zerikusia, baina ez gehiegi'
Adierazpenek sortu duten polemikaren ostean, Barne ministroak prentsa ohar bat bidali du abortuaren inguruko adierazpenen azalpenarekin.
Erredakzioa
"Abortuak badu ETArekin zerikusia, baina ez gehiegi", esan du Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak ETAren azken atxiloketen inguruan eman duen prentsaurrekoan.
Gobernuak abortuaren inguruan aurreikusi duen lege erreformaz galdetu diotenean hauxe erantzun du: "Lehenengo gaurkoaz hitz egingo dugu, eta ondoren, beste gauzez, abortuak eta ETAk ez dutelako zerikusi handirik. Beno, zerikusia izan badute, baina beno, ez gehiegi", esan du.
Gobernua prestatzen ari den abortuaren legearen erreformaz mintzatu denean, Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak auzi honen inguruan dituen ikuspuntuak erabat babesten dituela esan du, "A-tik Z-ra".
Polemikaren ostean, Barne ministroak adierazpen horien inguruko azalpenak eman ditu prentsa ohar batean. "Ez dut abortatzea erabakitzen duten lagunen eta ETAko kideen artean konparaketarik egin nahi izan". Oharraren arabera, ministroaren asmoa "abortuarekin lotutako galdera geroago erantzutea zen, terrorismoaren aurkako operazioarekin lotutako kontuekin nahas ez zedin".