Politika -

Basagoitik politika utziko du

Arantza Quiroga eta Alfonso Alonso, Basagoiti ordezkatzeko faboritoak

EAEko PPko presidenteak politika utziko du aurten, eta Mexikora joango da, Santander bankuaren filial batean lan egiteko.

Arantza Quiroga, Antonio Basagoiti eta Iñaki Oyarzabal. EFE
Arantza Quiroga, Antonio Basagoiti eta Iñaki Oyarzabal. EFE
Arantza Quiroga, Antonio Basagoiti eta Iñaki Oyarzabal. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hainbat zurrumurru zabaldu ostean, EAEko PPk baieztatu egin du Antonio Basagoiti presidenteak politika utziko duela aurten. Hain zuzen ere, Mexikora joango da, Santander bankuaren filial batean lan egiteko.

EAEko PPko presidente kargua hartzeko hautagai guztien artean, bi dira faborito batik bat: Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidente ohia eta Alfonso Alonso PPk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailea.

Bigarren lerroan, Iñaki Oyarzabal EAEko PPko idazkari nagusia eta Borja Semper Gipuzkoako PPko presidentea daude.

Arantza Quiroga da gehien errepikatzen ari diren izena, eta baliteke EAEko PP barruan berak izatea babes handiena.

Dena dela, PPko kideek ez dute baztertzen Alfonso Alonsok ere aukera garbiak izatea. Madrilen jarraitu nahi omen du, baina atzo Basagoitiren ondorengoa izateko prest agertu zen, betiere hala eskatzen badiote. Espainiako PPko zuzendaritza nagusiaren hautagaia izan liteke.

Borja Semperrek Basagoitiren hurrengoa izateko mugimendurik egingo ez duela aurreratu du, baina PPk eskatzen badio kargua hartzeko prest agertu da. Nolanahi ere, zail izango du euskal popularren burua izatea, sektore kontserbadoreenak aurka baititu. Izan ere, "Euskadiren etorkizuna Bildurekin ere" eraiki beharra dagoela esan zuen elkarrizketa batean, eta hitzok polemika handia piztu zuten alderdi barruan.

Bestalde, Iñaki Oyarzabalek uko egin dio EAEko presidente izateari. Hori bai, Basagoitiren hurrengoak izan beharko lituzkeen ezaugarriak azaldu ditu: "Gertukoa izan behar du, oso adi egon behar du herritarren arazoen aurrean eta akordioei garrantzia eman behar die".

Basagoitiren hurrengoa hautatzeko prozesua

EAEko PPtik ez dute zehaztu nola aukeratuko duten Basagoitiren ordezkoa, hau da, ezohiko lurralde batzordean hautatuko duten (2015. urterako dago deituta hurrengoa) edo beste prozedura bat erabiliko duten.

EAEko PPk "autonomia" izan nahi du hurrengo presidentea aukeratzeko, baina hautagaiari Madrildik ere oniritzia eman beharko diotela gaineratu dute.

Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiaren hitzetan, Basagoiti EAEko PPko presidentea da oraindik, eta horrek ezarriko ditu epeak.

Basagoitik politika utziko duela baieztatu eta gero, oraindik hurrengo presidentea aukeratzeko prozesuaren "lehen egunean" daudela gogorarazi du Alfonso Alonsok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea