Politika -
Elkarrizketa
Fernandezen ustez, euskal gizarteak gehiago merezi du Madrilen aldetik
Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzarako idazkariaren esanetan, bakea eta normalizazioa lortzeko "lau sentsibilitate politikoek bat egin behar dute".
Manu Gimenez
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzarako idazkariak azpimarratu duenez, bakegintza alorrean "euskal gizarteak zerbait gehiago merezi du Espainiako Gobernuaren aldetik".
Fernandezek Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, "Espainiako Gobernuari ekarpen bat dagokio, eta Jaurlaritza prest dago adostasunera iristeko. Espainiako Gobernuak adostasunera iritsi behar du euskal erakundeekin, bai kartzela-politika alorrean, bai desarmearen aurrean".
Guardia Zibilak eta Frantziako Poliziak atzo ETAren kontra egin zuten operazioaz galdetuta, Jaurlaritzaren ordezkariak "sistemaren joko arauen barruan" kokatu du. "ETA erakunde klandestinoa da eta Poliziak bere betebeharrak ditu", azaldu du
Kartzela-politika
Espainiako Gobernuak pausoak eman beharko lituzkeela uste du Fernandezek: "Garaiotan egokitu egin behar da kartzela-politika, baina eskumen osoa Espainiako Gobernuarena da, eta momentuz ez du aurrerapausorik ematen. Guk legeak baimentzen dituen neurriak hartzeko eskatzen diogu: presoak Euskal Herrira ekartzea, gaixoak kalera ateratzea legeak esaten duenaren arabera, etab".
"Espainiako Gobernuak ezin du bere politika egin euskal gizartearen, politikaren eta Legebiltzarraren nahiak nora doazen jakin gabe", salatu du.
Bizikidetza plana
Jaurlaritzak ekainean aurkeztuko duen bizikidetza planaren harira, helburua "lau sentsibilitate politiko nagusiek elkarrekin bideratzea" izango dela jakinarazi du.
Alderdiek horretarako "borondatea" badutela iritzi dio Fernandezek, baina gauza bat dela "komunikabideetan esaten dutena, eta beste bat, gogoeta guneetan esaten dena".
"Mikroakordioak bilatzea da ibilbide orria: iraganari buruz irakurketa kritiko eta partekatua egitea, orainaldiari begira mikroakordioak egitea kartzela-politikan eta beste gai batzuetan, eta etorkizunari begira, hiruzpalau oinarri ezartzea", gaineratu du Fernandezek.
Planarekin batera, giza-eskubideen urraketen biktima guztiak jasoko dituen txostena ere aurkeztuko dute, eta independenteez osatutako lantaldea dela, baina lana amaitu arte nortzuk diren ez duela esango argitu du.
Memoria eta kontakizuna
Horren harira, gertatu denaren inguruko memoria eta kontakizuna izan du hizpide. Lehenengoari dagokionez, argi adierazi du memoria ezin dela "dekretu bidez onartu, bakoitzak baitu memoria subjektiboa".
Kontakizunari dagokionez, "oinarria giza-eskubideen biktima guztiak" direla uste du, datu "objektiboa" baita hori. Gero, "sentsibilitate politiko bakoitzak bere interpretazioa egingo du, baina partekatu behar dena balorazio kritikoa izango da, errepika ez dadin".