Politika -
Ika-mika
Bilbao: 'Permach komandantea hurrengo bilerara bidali beharko dute'
Bestalde, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak akordiorik ez zela lortu errepikatu du, eta Bizkaiko ahaldun nagusiari zera erantzun dio: "bilbainada askorik ez gero".
Erredakzioa
EAEko erakundeen arteko akordioa izan zela adierazi du Jose Luis Bilbao Bizkaiako ahaldun nagusiak, Gipuzkoako Foru Aldundia barne. Bilbaoren hitzetan, Martin Garitano ahaldun nagusiari "egindako plantoa" ikusita hurrengo bileratara "Permach komandantea" bidali beharko dute.
Igorreko Batz kooperatibaren 50. urteurrena ospatu dute gaur, eta Bilbao ekitaldian izan da. Iñigo Urkullu lehendakaria, hiru ahaldun nagusiak eta Eudel bildu ziren mahaian akordio batera heldu zirela esan du Bizkaiko ahaldun nagusiak.
Zentzu horretan, Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak hurrengo egunean akordiorik izan ez zela adierazi zuen, Martin Garitanori "planto eginez", Bilbaoren ahotan. "Garitanori egindakoa niri egiten baldin badidate, etxera noa, planto egin diotelako. Hurrengo bilera batean Permach komandantea eramatea pentsatzen hasi beharko dira, ezker abertzaleko ordezkari legitimo bat bertan izateko", esan du Bizkaiko ahaldun nagusiak.
Erantzuna: "Bilbainada askorik ez gero"
Bestalde, lehendakariak asteazkenean planteatutako "larrialdi planaren" inguruan akordiorik ez zela lortu errepikatu du gaur Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiari hurrengoa erantzun dio: "bilbainada askorik ez gero".
Garitanok eta Iker Badiola Kirol diputatuak Ampo Ordizia errugbi taldea, Errege Kopako txapelduna, hartu dute Aldundian. Juan Maria Aburto Enplegu sailburuari eta Bilbaori erantzun die Garitanok. Bileran akordioa bat lortu zutela "bistakoa" dela esan du Aburtok.
Aburtoren hitzetan, Bilduren Gobernuak "baliteke ez onartzea EAJrekin itunetan agertzeko bertigoa duelako".
"Bizkaiko ahaldun nagusiaren adierazpenen inguruan, euskal herritar guztiek bizi dugun egoera ikusita, gai hauetan serioak izan behar garela uste dut. Beraz, bilbainada askorik ez", azpimarratu du Garitanok.