Politika -
Urtza Alkortaren atxiloketa
EH Bilduk legaltasuna edo zilegitasuna hautatzea eskatu dio Urkulluri
UPyDk ezker abertzalearen "propaganda zirkuaren aurrean" azalpenak ematea eskatu die Segurtasun eta Kultura sailburuei.
Erredakzioa
EH Bilduk salatu egin du Ertzaintzak Ondarroako (Bizkaia) Aske Gunean izandako jarrera, eta "legaltasunaren edo zilegitasunaren artean" hautatzeko deia egin die Eusko Jaurlaritzari eta Iñigo Urkullu lehendakariari.
Julen Arzuaga legebiltzarkide abertzaleak prentsaurrekoa eskaini du Eusko Legebiltzarrean, Pello Urizar (EA), Dani Maeztu (Aralar) eta Diana Urrea (Alternatiba) koaliziokideekin batera. Denek "Herri harresia aurrera" mezua zuten kamisetak jantzi dituzte
Ertzaintzak Urtza Alkorta atxilotu zuen atzo Aske Gunean. Auzitegi Nazionalak bost urteko espetxe zigorra ezarri zion, ETAren talde bati laguntzea egotzita, baina bere aurkako froga bakarra "torturen bidez" lortutako aitorpen bat dela salatu du gazteak.
Arzuagaren esanetan, "herri harresia" osatu zuten pertsonak "era baketsuan eta eredugarrian" saiatu ziren atxiloketa galarazten.
Hori dela eta, Ertzaintzaren jokaerari buruz Legebiltzarrean azalpenak emateko eskatu dio Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuari.
Legebiltzarkide abertzalearen esanetan, Alkortak torturatu egin zutelako aitortu zuen ETAko talde bati lagundu ziola. Hori dela eta, Arzuagak galdeketaren bideoa eskatu du.
UPyDk ere agerraldiak eskatu ditu
Bestalde, UPyDk ere agerraldiak eskatu ditu, Estefania Beltran de Heredia eta Cristina Uriarte Segurtasun eta Kultura sailburuenak, hain zuzen ere, ezker abertzaleak Ondarroan egindako "propaganda zirkua"ren aurrean azalpenak eman ditzaten.
Prentsa agiri batean, atzo Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak Ondarroan egin zituen adierazpenak "eskandalua" direla adierazi du Gorka Maneiro parlamentariak. Izan ere, Mintegik jakinarazi zuenez, Segurtasun sailburuak deitu egin zion 07:30ean, polizia operazioa istilurik gabe gauzatu nahi zutela esateko.
Kultura sailburuari dagokionez, EiTBk Urtza Alkortaren atxiloketaren albisteari egindako jarraipena azaltzeko eskatu dio Maneirok. "Konexio iraunkorrak egin zituzten Batasuneko bozeramailearekin; Radio Euskadiko edo Euskadi Irratiko kazetari zela zirudien, Zuzenbide Estatuaren aurkako matxinadaren sustatzaileetako bat baizik", esan du.
Maneiroren ustez, Urtza Alkorta "herritar eredugarria" izango balitz bezala aipatu zuen EiTBk, "bide batez Ertzaintzaren irudi txarra emanda".