Politika -
Bankia auzia dela eta
Bankariek De Guindosekin izandako bilerak azaldu dituzte Auzitegian
Botin, Faine eta Gonzalez, Espainiako hiru banku handietako presidenteek De Guindosek Bankiaren egoeraz hitz egiteko batzartu zituela aitortu dute, baina Ratoren dimisioa ez zutela aztertu esan dute.
Erredakzioa
Emilio Botin Santanderreko presidentea, Isidro Faine Caixabankekoa eta Francisco Gonzalez BBVAkoa Auzitegi Nazionalean izan dira ostiral honetan De Guindos Ekonomia ministroarekin eta Rodrigo Rato Bankiako presidente ohiarekin izan zituzten bileren inguruko azalpenak emateko.
Fernando Andreu Bankia auzia ikertzen ari den epaileak lekuko gisa deklaratzera deitu ditu UPyDk hala eskatuta, 2012ko maiatzaren 4an eta 6an De Guindosekin eta Ratorekin egindako bileren harira.
Espainiako hiru banku handietako buruek aitortu dutenez, Luis de Guindos Ekonomia ministroarekin eta Rodrigo Ratorekin (Bankiako presidente ohia) bilerak egin zituzten, Ekonomia ministroak hala eskatuta. Bilera horretan, hain justu, Bankiaren arazoez hitz egin zutela adierazi dute, baina inola ere ez Rodrigo Ratoren dimisioaz.
Batzarrak egin eta hurrengo egunean, maiatzaren 7an, Bankiako presidente kargua utzi zuen Ratok, dimisioa aurkeztuta.
Francisco Gonzalez BBVAko presidenteak epailearen aurrean emandako azalpenen arabera, Ratok Bankiaren arazoak konpontzeko aurreikusitako diru kopurua, 7.000 milioi eurokoa, ez zitzaion nahikoa iruditu.
Emilio Botin Banco Santanderreko presidenteak, berriz, De Guindosekin eta Ratorekin egindako bileretan, diru gehiago jartzea beharrezkoa izango zela adierazi zuela esan du, 15.000 milioi inguru, alegia.
Horrez gain, ukatu egin du batzar horietan Ratoren dimisioaz hitz egin izana. Bilera horiek, Espainia "erreskatatzeko zorian zegoenean" egin zirela azpimarratu du, eta horregatik, bilkurarako deialdiak ez zuela harritu.
Isidro Faine CaixaBankeko buruak, berriz, Bankiak merkatuan "kezka" zabaldu zuela aitortu du.
Botin: "Dena ondo joan da"
Emilio Botin Banco Santanderreko presidentea izan da epailearen aurrean lekuko gisa deklaratu duen lehena.
Botin 10:15ean hasi da deklaratzen Andreu epailearen aurrean eta 20 minutu egin ditu barruan.
Banco Santanderreko presidentearen atzetik Isidro Faine CaixaBankeko buruak deklaratu du eta ondoren Francisco Gonzalez BBVAko presidentearen txanda izan da.
Protestak, Auzitegi Nagusiaren atarian
Dozenaka pertsona bildu dira Auzitegi Nagusiaren atarian protesta egiteko hainbat pankarta eskuan hartuta. "Bankia lapurretan eta Gobernua babesle", edota "Gure aurrezkiak, zuen harrapakina", oihu egin dute.