Politika -
Eusko Legebiltzarra
Beltran de Herediak Alkortaren atxiloketa negoziatu izana ukatu du
Segurtasun sailburuak azaldu duenez, Mintegiri telefonoz deitu zion Alkorta atxilotzera zihoazela jakinarazteko eta zubian zegoen jende pilaketaren arriskuaz ohartarazteko.
Erredakzioa
Estefanía Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak Urtza Alkortaren atxiloketa Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailearekin negoziatu izana ukatu du. Beltran de Herediak adierazi duenez, Mintegiri telefonoz deitu zion atxiloketa egitera zihoazela esateko eta une horretan zubian zegoen jende pilaketaren arriskuaz ohartarazteko. Hilaren 15ean atxilotu zuten Alkorta, Auzitegi Gorenak ETAren talde bati laguntzea egotzita bost urteko espetxe zigorra ezarri ostean.
"Ez diot neure buruari ezer aurpegiratu behar, egun horretan hitz egin nuen eta mila bider hitz egingo nuke", esan du.
Beltran de Herediak joan den maiatzaren 15ean Mintegirekin izandako telefono elkarrizketaren inguruko azalpenak eman ditu Eusko Legebiltzarrean, PSE-EEren eta UpyDren hainbat galderei erantzunez.
Mintegik "bitartekari lanak" egin nahi zituen
Laura Mintegi EH Bilduren bozeramaileak ere hartu du hitza, Legebiltzarraren presidenteari baimena eskatu ostean, eta Ondarroara "bitartekari lanak" egitera joan zela azaldu du.
Mintegiren esanetan, ez zen joan "Ertzaintzari zer egin behar zuen esatera", baizik eta gertatzen zena "gertutik ikustera" eta protestarien eta Ertzaintzaren artean "bitartekari lanak" egitera.
Urkullu: "Indarkeria ekintzengatik kondenatutakoak ez dira preso politikoak"
Iñigo Urkullu lehendakariak, ETAko presoen harira, indarkeria ekintzekin giza eskubideak urratzeagatik kondenatuta dauden pertsonak ezin direla "preso politikotzat" jo esan du.
Urkulluk Eusko Legebiltzarrean egin ditu adierazpen horiek, Txarli Prieto legebiltzarkide sozialistak egindako galdera bati erantzunez. Prietok "preso politikoen" terminoaren inguruan bere jarrera zein den argitzeko eskatu dio lehendakariari.