Politika -
Bateragune
Euskal alderdien adierazpenak Konstituzionalaren erabakiaren inguruan
Auzitegi Konstituzionalak Bateragune auziko bost kartzelatuak azkenean aske utziko dituela espero du EAJk. EH Bilduretzat "tragedia" bat da Otegik eta besteek preso jarraitzea.
Erredakzioa
Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak adierazi duenez, Auzitegi Konstituzionalak Bateragune auziko bost kartzelatuak azkenean aske utziko dituela espero du.
"Sakoneko gaiak bere horretan jarraitzen du", gaineratu du Estebanek, Konstituzionalak oraindik babes helegitearen inguruan ez baitu oraindik erabakirik gartu. "Gaurkoaren ebazpen desberdina espero dut", azpimarratu du bozeramaile jeltzaleak.
Laura Mintegi EH Bilduren bozeramaileak esan du "tragedia" bat dela Arnaldo Otegik, Rafa Diezek eta Bateragune auziko gainerakoek kartzelan jarraitzea, ez baitu "arrazoi juridikorik, politikoa baizik".
Mintegik Radio Euskadin azaldu duenez, "PPk eta Gobernuak zentzua galdu dutela erakusten du erabaki horrek". Espainiako Estatua "ez da bere legea betetzeko gai", salatu du buruzagi abertzaleak.
EH Bilduren iritziz, Konstituzionalaren "izaera politikoko" erabakia "eskandalu izugarria" da.
Donostian Pernando Barrenak eta Unai Ziarretak eman duten prentsaurrekoan esan dutenez, erabakiak "izaera politikoa" du eta "PPren eta PSOEren laguntza politikoa du". Gainera, "PPk hobe luke sabotaje jarrerak alde batera uztea eta denok garaile izan gaitezen eszenatoki baten alde lan egitea", esan dute.
Jose Antonio Pastor PSE-EEren Legebiltzarreko bozeramaileak azpimarratu du "euskal gizartearen gehiengoak" ez duela "inola ere ulertzen" Konstituzionalaren erabakia, baina ez du argitu sozialistek gizartearen zati horren iritziarekin bat egiten duen ala ez.
Buruzagi sozialistak azaldu duenez, PSE-EEk "errespetatu" egiten du Konstituzionalaren erabakia.
Iñaki Oyarzabal PPren EAEko idazkari nagusiak esan du terrorismoari "Justiziarekin irabazten" zaiola eta ETAk indarkeria utzi badu ere, argi adierazi du "garai berrian" ezin dela "inpunitatea" zabaldu.
Buruzagi popularrak "konfiantza osoa" agertu du Justiziarengan, eta Konstituzionalaren erabakia ezin dela "garaiaren arabera" baloratu adierazi du.
Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkideak, berriz, txalotu egin du erabakia, "zentzuzkoa, logikoa eta demokraziarentzat ona" dela iritzita.
"Erabaki hori da zentzuzkoena, logikoena eta onena demokraziarentzat eta askatasunarentzat. Horregatik, babesa agertzen diogu, zalantzarik gabe", gaineratu du.