Politika -
PPri ohartarazpena
EAJ: 'Autonomiaren murrizketak autogobernuaren aurkako erasoa dakar'
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak esan duenez, "administrazio guztiak uniforme egiteko asmoa du PPk, eta guk autogobernuaren aurkako erasotzat hartuko dugu hori".
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak ohartarazi duenez, "tokiko Administrazioa murrizteko" Mariano Rajoyren Gobernuak abiatutako lege-proiektuak erregimen komunean oinarritutako eredu berria ezartzeko asmoa badu, EAJk autogobernuaren aurkako erasotzat hartuko du hori".
"Argi geratu dadila. EAJrentzat, autogobernuak Eusko Jaurlaritzaren gainean du eragina, baina ez hori bakarrik, baita euskal herritarrak ordezkatzen duten erakundeen gainean ere: udalak, Aldundiak eta Batzar Nagusiak", azpimarratu du jeltzaleekin Donostian igande honetan izandako udal bilkuran.
Horren harira, Ortuzarrek adierazi duenez, "gure udal edo foru autonomia murrizteko Madriletik etorritako edozein saiakera gure autogobernuaren aurkako erasotzat joko dugu, eta guretzako, hori oso larria da".
"Gehiengo absolutuak lagunduta, administrazio guztiak berdin egiteko asmoa du PPk", salatu du jeltzaleak, "berriro ere, gaixo desberdinentzako, sedagai bera". Ortuzarrek azaldu duenez, euskal udalek "zerikusi gutxi dute Estatuko udalekin". "Kontzertu Ekonomikoa eta Nafarroako Hitzarmenari esker, Euskal Herriko udalen azpiegitura, antolaketa eta funtzionamendua bereziak dira", gaineratu du.