Politika -
Polizia operazioa
ETAko bi ustezko kide atxilotu dituzte, Gipuzkoan
Atxilotutakoak Jon Lizarribar Lasarte eta Ruben Gelbentzu Gonzalez dira. Lau atentatu egin dituen talde bateko kide izatea egotzi die Guardia Zibilak.
Erredakzioa
ETAko bi ustezko kide atxilotu dituzte gaur goizaldean Andoainen eta Urnietan (Gipuzkoa), Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak jakinarazi duenez.
Atzemandakoak Jon Lizarribar Lasarte (36 urte) eta Ruben Gelbentzu Gonzalez (35) dira. Guardia Zibilak lau atentatu egin dituen talde 'legal' (Poliziak fitxatu gabekoa) bateko kide izatea egotzi die.
Hain zuzen ere, 2002. urtean izan ziren atentatu horiek, Nafarroako Unibertsitatearen, Zaragozako El Corte Inglesen eta Arguedaseko eta Azagrako (Nafarroa) bi enpresaren aurka. Ez zen inor hil, baina orotara sei pertsona zauritu ziren.
Operazioa 03:00etan abiatu du Guardia Zibilak. Urnietan, Lizarribar atxilotu dute, eta, Andoainen, Gelbentzu. Agentek zortzi ordu baino gehiagoz miatu dituzte Lizarribarren eta Gelbentzuren etxebizitzak, atxilotuekin batera.
Dozenaka lagun elkartu dira Urnietan eta Andoainen atxiloketak salatzeko eta Lizarribarri eta Gelbentzuri elkartasuna helarazteko. Ertzaintzak protestarietako bat identifikatu du Urnietan, guardia zibilei irainak egiteagatik.
Barne Ministerioaren esanetan, ETAko hainbat buruzagiri Frantzian atzemandako agiriei esker egin dituzte gaurko atxiloketak.
Lizarribar eta Gelbentzu 2003. eta 2004. urteetan ere atzeman zituzten, ETArekin lotuta zeudelakoan, eta horietako bati, Lizarribari, sei urteko espetxe zigorra ezarri zioten, Frantzian.
ETAko iheslariek larunbatean euren itzulera aldarrikatzeko egingo duten ekitaldiaren bezperan etorri dira gaurko atxiloketak.