Politika -
Bilera
Gallardon: 'ETA ahulduta dago, baina mehatxu izaten jarraitzen du'
Terrorismoaren kontrako justizia lankideratzarako lantalde espainiar-frantziarraren bilera hasi da gaur Madrilen.
Erredakzioa
Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak adierazi duenez, terrorismoaren kontra justiziaren alorrean lankidetza bultzatzeko lantaldeen helburua ETAren "desagertzea eta desegitea" dira. Halaber, erakundea 'oso ahul dago, baina mehatxu izaten jarraitzen du', adierazi du.
Ruiz Gallardonek terrorismoaren kontra justiziaren alorrean lankidetza bultzatzeko lantalde espainiar-frantziarraren 11. bileraren hasiera ekitaldian egin ditu adierazpen horiek. Ekitaldi horretan Eduardo Torres Dulce Estatuko Fiskal Nagusia eta Angel Juanes Auzitegi Nazionaleko presidentea izan dira.
Frantziar Estatutik, berriz, Frederic Baab Justizia ministroaren diplomazia kontseilaria eta Francoise Falleti Parisko Apelazio Auzitegiko fiskala izan dira.
Gaurko saioan, Espainiako eta Frantziako magistratu eta fiskalek parte hartuko dute. Terrorismoarekin lotura duten hainbat gai jorratuko dituzte, besteak beste, ETAren edota nazioarteko terrorismoaren egoera eta justizia alorreko lankidetza. Bilkura horretako ondorioen berri bihar emango dute.
Gallardonen arabera, ETAren aurkako borrokan oinarrizko zutabea izan da Frantziaren eta Espainiaren arteko lankidetza. Hala, 2010az geroztik, Frantzian ETAko ustezko 103 kide atxilotu dituztela azpimarratu du.
Baabek, berriz, Europan ez dagoela Frantziako eta Espainiako Estatuek duten lankidetzaren moduko beste adibiderik nabarmendu du; eta sortutako lantaldeen emaitzak nabarmenak izan direla esan du.