Politika -

Eusko Legebiltzarra

Iturbek berretsi du ez dutela EiTBko kontraturik etengo

EiTBren zuzendari nagusiak azpimarratu duenez, 20 milioi euro gutxiago izango dituzte Aurrekontuan. EiTBko irratietako eta webguneko langileek protestak egin dituzte Legebiltzarraren atarian.

Maite Iturbe Euskal Irrati Telebistaren (EiTB) zuzendari nagusia. Argazkia: Efe
Maite Iturbe Euskal Irrati Telebistaren (EiTB) zuzendari nagusia.
Maite Iturbe Euskal Irrati Telebistaren (EiTB) zuzendari nagusia. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maite Iturbe Euskal Irrati Telebistaren (EiTB) zuzendari nagusiak berretsi du EiTB taldean ez dela "lan-kontraturik eten" eta ez dutela halakorik egitea "aurreikusi". "Barne kostuak" murriztuko omen dituzte, baina ez dute plantilla berregituratuko, beste hedabide publiko batzuetan egin duten moduan.

Iturbek azaldu duenez, Radio Vitorian "desagertuko den saio bati lotuta" amaituko diren hiru lan-kontratuak eta amaituko den epe motzeko beste kontratua erakunde publikoaren "errutina"ren barruan kokatu behar dira. "Saio batzuk desagertu egiten dira eta saio horiekin lotutako kontratuak ere amaitu egiten dira", gaineratu du.

EiTBren zuzendariak Legebiltzarrean egin ditu adierazpenok, EH Bilduk eta PSEk hala eskatuta.

Iturbek azpimarratu du Radio Vitoriak 45 pertsonako plantilla duela, 2010eko berbera, eta erabaki bakarra "uztailean amaitzen den saio batekin lotutako hiru kontratu eta hilabete batzuetarako kontratu bat etetea" izan dela.

"Egunero hartzen dira EiTBn horrelako erabakiak, saioak amaitzen dira, eta berriak hasten. Egoera jakin hori horren urrutira eramatea, Radio Vitoria kolokan jartzen dugula esatea, zentzugabekeria da", adierazi du Iturbek.

Horren harira, Gasteizko Udalak eta Arabako Batzar Nagusiek Radio Vitoria defendatzeko onartu dituzten adierazpenak informazio faltsuetan oinarritu direla salatu du. "Esan beharra daukat, gizarteak jakin dezan, Udalak eta Batzar Nagusiek onartu dutenaren oinarri bakarra sare sozialak izan direla".

"Radio Vitoria osasuntsu dago. Radio Vitoriaren proiektua EiTBren proiektua da, Radio Vitoriaren marka EiTBren marka da, eta horrela izaten jarraituko du, programazioa lehiakorra izango da, gertuko irratia izaten jarraituko du, eta Arabako herritarren aldamenean segituko du", azaldu du.

Barne kostuak

Iturbek ez du Radio Vitoriaz soilik hitz egin, EiTBren kudeaketa osoaz baizik. Hori horrela, sektoreak Espainian eta Europan bizi duen krisiaz ohartarazi eta Estatuko hedabideetan azken 4 urteetan 10.000 lanpostu suntsitu direla aipatu du.

EiTBren kasuan, 2009an 174 milioi euroko Aurrekontua izan zuela, eta aurten 121 milioi euro, aurreko urtean baino 20 milioi euro gutxiago, dituztela jakinarazi du. Hori dela eta, baliabide gutxiago dituztela eta erabakiak hartu behar dituztela esan du.

Lehenengo erabakia "EiTBko zeharkako barne kostuak murriztea" izan omen da, baliabideak saioen eta produktuen finantziaziora bideratzeko. "Produktuetarako dagoen diruaren arabera kudeatu behar dira kontratazioak. Mugarik gabeko kalitatea ez da lehentasunezkoa izango, iraunkortasuna eta zerbitzu publikoa, ordea, bai".

"Gainera, generaman enplegu eta antolakuntza joera gainditu behar dugu. Eredu berria jarri behar dugu martxan, biziraun egin behar dugu, eta beharrezko eraldaketak abian jarri", gaineratu du.

EiTBko zuzendari nagusiaren ustez, argi adierazi beharra dago "aurten" ez dela "lan kontraturik eten, eta ez dugu aurreikusi halakorik egitea. EiTB berregituratzeko asmorik ote dagoen galdetzen didate, Estatuko beste telebista batzuetan egin duten lan erregulaziorik egiteko asmorik ote dugun, eta erantzuna ezezkoa da".

"EiTB euskal sektore publikoaren parte da, eta bete egingo du Jaurlaritzak onartzen duena. Ez da Fortan gertatutakoa errepikatuko, gastuak eta diru-sarrerak orekatu baitira. Iaz oreka lortu zen, eta aurten ere lortuko da", azpimarratu du.

eitb.com

Bestalde, M4Fren salaketa ere izan du hizpide. EiTBk webguneko edukiak egiteko subkontratatu duen enpresa da M4F, eta enpresa batzordeak salatu zuen plantillako 31 langile kaleratuko dituztela "EiTBko zuzendaritzak webgunean ezarritako murrizketengatik".

Iturbek azaldu duenez, EiTBk enpresa horren "zati txikia" du bere esku, eta ez du zerikusirik zuzendaritzaren erabakiekin.

Protestak

Iturbe Legebiltzarrean zegoen bitartean, EiTBko irratietako eta webguneko langileek protestak egin dituzte Legebiltzarreko atarian, murrizketen kontra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea