Politika -
Kontrolerako saioa
Etxaldeen jabetza infantari egoztea akatsa izan zela esan du Montorok
"Mamurik ez ikusteko" eta kasuarekin espekulaziorik ez egiteko eskatu du Espainiako Ogasun ministroak.
Erredakzioa
Cristina infantari egotzitako higiezinen eta ondasunen salmenten datuetan akats bat egon zela onartu du Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak, eta "mamurik ez ikusteko" eta kasuarekin espekulaziorik ez egiteko eskatu du.
Noos auziaren baitan, 13 higiezin salduta 1,4 milioi euro irabaztea egotzi zioten Cristina infantari. Datu horietan akats bat egon zela onartu zuen atzo Espainiako Ogasun Ministerioak. Zerga Administrazioko Estatu Agentziak jasotako informazioa infantaren NANarekin bat egiten duen beste nortasun agiri baten jabearena zen, azalpen horien arabera.
Diputatuen Kongresuko kontrol saioan azaldu duenez, prozedura administratiboaren akats bat da soilik. Halaber, ukatu egin du epaileari egindako bidalketan datuak aldatu izana: "Zerga Agentziak Botere Judizialarekin duen hitzarmenak eragotzi egiten du horrelakorik gertatzea".
Gertaturikoa argitzeko, ikerketa bat zabaltzeko agindu du Ogasun Ministerioak. Hala ere, une honetan argibide gehiago emateko moduan ez dagoela onartu du. "Ikerketaren emaitzari itxaron beharko diogu, horrek argituko baitu akatsa non egon den", adierazi du. Halaber, "mamurik ez ikusteko" eta kasuarekin espekulaziorik ez egiteko eskatu du Espainiako Ogasun ministroak.
Bestalde, barkamena eskatu dio Errege Etxeari akats "tamalgarri" horregatik, baina akatsak prozesu judizialaren kalitateari ez diola kalterik egingo nabarmendu du.
Zerga Agentziako langileen lana babestu du, eta Ogasunak urtero milioika datu tramitatzen dituela nabarmendu du. Akatsak oihartzun zabalagoa izan du Errege Etxeko kide bati eragiten diolako, Montororen arabera.