Politika -
Bizkaitar Argia 2013
'Terrorismoaren biktimei' emango diete gaur Bizkaitar Argia izendapena
PP ez da ekitaldira joango, frankismoaren biktimak ere omenduko dituztelako.
Erredakzioa
Bizkaiko Aldundiak 'Bizkaitar Argia' izendapena emango die gaur "indarkeria erabili duten talde guztien biktimei". Hain zuzen ere, ETAren, GALen, Batallon Vasco Españolen eta frankismoaren biktimak omenduko dituzte.
Ekitaldian Iñigo Urkullu lehendakaria, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta PP ez beste alderdietako ordezkariak izango dira.
PPk ez du begi onez ikusten Bizkaiko Aldundiak frankismoaren biktimak ere saritu nahi izatea, eta, horregatik, uko egin dio gaurko ekitaldian parte hartzeari, Anton Damborenea alderdi horrek lurraldean duen presidenteak duela bi aste azaldu zuenez.
Horren esanetan, PPk "ETAren, GALen eta Batallon Vasco Españolen Biktimei 'Bizkaitar Argia' izendapena emateko proposamena aurkeztu zuen Batzar Nagusietan, Biktimen Legeak ezarri bezala", eta deitoratu egin du azkenean Aldundiak frankismoaren biktimak ere gaineratu izana.
Bestalde, EH Bilduk kritikatu egin du Aldundiak "Poliziaren jazarpenaren biktimak ahaztu" izana.