Politika -
Ekaineko txostena
Presoek eskubideak 'galdu' dituztela salatu du Etxeratek
Gaixotasun larriak dituzten erbesteratuekin zerrenda osatzea proposatu du kolektiboak, 'horien egoerari konponbidea emateko'.
Erredakzioa
"Urte luzeetako borroken eta salaketei esker berreskuratutako eskubideak galdu dituzte presoek", Etxerat presoen senideen elkarteak ekaineko txostenean salatu duenez.
Bisitetan ere murrizketak izan dira eta Espainiako zein Frantziako espetxeetan dauden presoek pairatu dituzte eskubide murrizketak, kolektiboaren esanetan.
Dispertsioa senideen eta lagunen ardura dela adierazi zuen Angel Yuste Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiko zuzendariak. Etxeraten iritziz, "hitz gogorrak eta argigarriak izan dira, izan ere, gure kontrako mendeku neurria dela baieztatzen dute".
"Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiko zuzendariak senideei egotzi die dispertsioaren ondorioz jasaten dituzten istripuen ardura", adierazi du Etxeratek txostenean.
Bestalde, 600 presok osatzen duten Euskal Preso Politikoen Koletiboa eta gaixotasun larriak dituzten erbesteratuekin zerrenda osatzea proposatu du kolektiboak, "horien egoerari konponbidea emateko".