Politika -
Elkarrizketa
Mintegi: 'Geroz eta nabarmenagoa da Euskal Herria ez dela Espainia'
Euskal herritarren burujabetza grina hauspotzen laguntzen du PPk, Espainiako Gobernuan egiten ari den kudeaketa "negargarriari" esker, EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailearen arabera.
Erredakzioa
"Geroz eta nabarmenagoa da Euskal Herria ez dela Espainia", Laura Mintegi EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailearen arabera. Horren ustez, PP Espainiako Gobernuan egiten ari den kudeaketa "negargarriak" euskal herritarren burujabetza nahia hauspotzen du.
Efe albiste-agentziari eskainitako elkarrizketan, legegintzaldi honetan Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko harremanetan aurrerapauso garrantzitsuak emango direla nabarmendu du. Ez da ausartu 2016a baino lehen autodeterminazio galdeketa bat egingo den esaten, baina zerbait egongo dela uste du.
"Espainia herrialde negargarria dela konturatzen hasita daude euskal herritarrak, baita independentistak ez direnak ere. Langabeziari, eskola porrotari, ustelkeriari eta krisi ekonomikoari aurre egiteko bide propioa zabaltzea beharrezkoa dela ohartu dira", adierazi du. Horren ustez, Espainiako Gobernuaren eta Espainiako Errege Etxearen "laguntza" izaten ari dira bide horretan.
"Geroz eta nabariagoa da ez garela Espainia, ezberdinak garela eta hemen gauzak beste modu batera egiten ditugula. Ez dauka esan beharrik ere. Etorkizunean Espainiara lotzen gaituen azken haria moztea besterik ez da faltako", gaineratu du.
Hala ere, prozesua "ondo egin behar da" eta "presarik gabe", Mintegiren arabera. EH Bilduko ordezkariak ez du Espainiaren irudira egindako herrialde bat nahi, Euskal Herri independente bat nahi du, Europa iparraldeko ereduak oinarri izango dituena.
Mintegik ez du ulertzen EAJk irailetik aurrera autogobernuaren inguruan Eusko Legebiltzarrean osatu nahi duen lantaldea. "Beldur naiz, jeltzaleek ez ote dira XXI. mendea bukatu arte ezer egin gabe egongo", gaineratu du.
EAJ-PSE ituna
EAJ eta PSE-EE negoziatzen ari diren fiskalitate itunaz galdetuta, Alderdi Popularrak jeltzaleekin eta sozialistekin bat egingo duela uste du. "Gutxiengoan dago, eta krisi egoera honetan ez dago beste aukerarik", gaineratu du.
EH Bilduk ez du begi onez hartuko beste batzuek "aurrez sukaldatutako" platera bat gero eurei aurkeztea. Hala ere, positibotzat jo du progresibitate fiskalaz eta iruzurraren kontrako borrokaz hitz egitea.