Politika -
Foru Legea
Nafarroako Parlamentuak enpresa publikoetako kaleratzeak gelditu ditu
Maiatzean Nafarroako Gobernuak Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoko enpresetarako proposatu zituen langileen berrantolaketa guztiei eragingo die lege berriak.
Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoko enpresetako langileen kaleratzeak gelditzeko foru legea onartu du, txosten batzuetan neurri hori Konstituzioaren aurkakoa izan daitekeela jasotzen den arren. UPNk eta PPNk aldatzearen aurka bozkatu dute.
Foru legearen proposamena PSN, Bildu, Aralar, I-E eta Geroa Bai alderdiek aurkeztu eta babestu zuten, eta, Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoaren sormen legea aldatzen duenez, bertako enpresak berrantolatzeko prozesua geldituko du. Izan ere, sozietate publiko horietan aldaketak egiteko, Parlamentuaren baimena beharko dute orain.
Enpresa horietan fusio, zatiketa, eraldatze, banatze, likidazio edo, oro har, berrantolatze operazioak egiteko eta langileen % 10i baino gehiagori eragiten dieten lan erregulazioko txostenak aurkezteko, Parlamentuaren baimena beharko dute.
Xedapen iragankor baten arabera, 2013ko urtarrilaren 1etik aurrerako operazioetarako beharko da Parlamentuaren baimena. Horrela, lege berria Nafarroako Gobernuak enpresa horietarako maiatzean proposatu zituen berrantolaketa guztiei aplikatuko lekioke.
PPNk legedi berriak Foru Gobernuaren eskumenak urratzen dituelakoan aurkeztutako lau emendakinak atzera bota dituzte. Haren hitzaldian, Yolanda Barcinak "inoren gustukoak ez izan arren hartu beharreko neurriak" direla gogorarazi du, eta onartutakoaren "erabat aurka" dagoela azaldu du.
Lege berri hori babestu nahi ez badu, Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoaren berrantolaketa plana kentzea proposatu dio Samuel Carok (PSN) Barcinari. Gobernuak "prebarikazioa" egingo bailuke, legea beteko ez balu.
Maiorga Ramirezen (Bildu) esanetan, kudeaketa desegoki batek eta erabaki txarrek eraman dute enpresa publikoa dagoen tokira. Gainera, kalte hori “Nafarroako subiranotasunaren gordailua den Parlamentuak” arintzea proposatu du.
Patxi Zabaletak (NaBai) Barcinaren "bat-bateko ardura" zalantzan jarri du, eta enpresa publikoak bakar batzuentzat bakarrik izateari uzteko "lege umil, bidezko eta argi" baten alde egin du.
Jose Miguel Nuinek (Ezkerra) gaineratu duenez, "anormaltasun bakarra da Gobernua gutxiengo izanda gobernatzen ari dela".
Carlos Garcia Adanerok (UPN) hitz egin du azkenik. Alderdi batzuk kontraesanetan jausten ari direla iradoki du, PSNri erreferentzia eginez. Izenik aipatu gabe, iraganean enpresa publikoetan hartutako erabakiak txalotu izan dituztela aipatu du, eta orain iragana kritikatzea gaitzetsi