Politika -
Tentsioa
Gibraltar Espainiaren aurkako neurri legalak aztertzen ari da
Bestalde, ibilgailu batek guardia zibil bat harrapatu du Gibraltarreko mugan. Gibraltarreko matrikula zuen ibilgailuak guardia zibila zauritu du.
Erredakzioa
Espainiarekin mugan duen gatazka Europako Giza Eskubideen Auzitegira eraman dezake Gibraltarreko Gobernuak, Joseph Garcia Gibraltarreko ministro nagusiak gaur The Guardian egunkarian ziurtatu duenez.
Gibraltarreko Gobernuaren kexa formala jaso du gaur Europako Batzordeak; izan ere, Espainiak mugan ezarritako kontrolek auto ilara luzeak sortu dituzte. Erresuma Batuko kolonia inguratzen duten uretan hormigoizko 70 bloke bota zituzten Gibraltarreko agintariek duela egun batzuk, eta Espainiako Exekutiboak erantzun egin zuen.
Mugako gatazkak okerrera egin du eta Gibraltarreko agintariak txosten sakon bat prestatzen ari dira, Joseph Garciak, The Guardian egunkariak gaur argitaratutako elkarrizketan, azaldu duenez.
"Neurriak hartzea beharrezkoa izango balitz, kexa indibidualak biltzen ari gara eskubideak urratu diren kasuetan. Espainiak hartutako neurriak jasangaitzak dira", adierazi du Gibraltarreko ministro nagusiak.
William Hague Erresuma Batuko Atzerri ministroak "tentsioari irtenbide politiko" bat bilatzea eskatu zuen atzo, eta Gibraltarreko bizilagunekin konpromisoa agertu zuen.
Guardia zibil bat harrapatu dute aduanan
Ibilgailu batek guardia zibil bat harrapatu du Gibraltarreko mugan. Gibraltarreko matrikula zuen ibilgailuak guardia zibila zauritu du eta agenteak baja hartu behar izan du.
Gibraltarretik ateratzen ari diren ibilgailuen kontrolean auto bati gelditzeko agindua eman diote guardia zibilek.
Hala ere, "guztiak ezustean harrapatu" eta gidariak azeleratu egin du. Autoak guardia zibil bat harrapatu du.