Politika -

Jaiak

EAJk 'piromano' deitu dio Urquijori, txupineroen aurka egiteagatik

Mediavillaren arabera, Euskal Herrian "murriztu egin dira sua nahita eragiteko baldintzak"; hori dela eta, kritikatu egin du "suhiltzaile lanak egin beharko lituzkeenak" sua piztea.

Koldo Mediavilla EAJren Harreman Instituzionaletarako idazkaria. Argazkia: EiTB
Koldo Mediavilla EAJren Harreman Instituzionaletarako idazkaria.
Koldo Mediavilla EAJren Harreman Instituzionaletarako idazkaria. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koldo Mediavilla EAJren Harreman Instituzionaletarako idazkariak "piromanoa" izatea leporatu dio Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariari, Laudioko (Araba) pregoilariaren eta Bilboko Aste Nagusiko txupineraren izendapenen kontra jo duelako.

Mediavillak blogean argitaratu duen artikuluan azaldu duenez, agintariek basoan suteak ez pizteko aholkuak ematen dizkiete herritarrei, baina "politikan ere badaude piromanoak, eta Euskadin, zoritxarrez, urte luzetan izan ditugu".

Ordezkari jeltzalearen esanetan, ETAk armak utzi zituenetik, beste uda batzuetako tentsioa "iragan zela zirudien", nahiz eta "sistemaren kontrako borrokatik bizi izan diren batzuk ez duten ohartu nahi, garaiak aldatu dira denontzat, haientzat bereziki".

Mediavillaren arabera, Euskal Herrian "murriztu egin dira sua nahita eragiteko baldintzak"; hori dela eta, kritikatu egin du "suhiltzaile lanak egin beharko lituzkeena piromano bilakatzea: Carlos Urquijo".

"Garai zaharrak irrikatzen ditu agian, eta helegite sorta bat jarri du abian. Lehenengo ondorio zuzena tentsioa sortzea izan da, eta ia inork ez zuen halakorik espero gaur egun", gaineratu du Mediavillak Urquijori erreferentzia eginez.

Blogean idatzi duenez, "ezin da terrorismoaren biktimen duintasuna erabili euskal gizartearen elkarbizitza baketsua oztopatzeko". Baina "agian PPri ondo datorkion" estrategia bat izan daitekeela uste du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea