Politika -
Elkarretaratzea Bilbon
Bilboko Konpartsek 'jaien kontrako erasoekin amaitzeko' eskatu dute
Bilboko Udalak egin bezala, Bilboko Konpartsek ere helegitea aurkeztu dute epaitegietan, eta Gobernu zentralaren helegiteak "diskriminazio ideologikoa" suposatzen duela argudiatu dute.
Erredakzioa
Bilboko Konpartsak taldeko kideek eta hainbat herritarrek bat egin dute eguerdian Bilbon Jone Artola Bilboko Aste Nagusiaren txupineraren alde egindako elkarretaratzearekin. Artolaren izendapena bertan behera utzi du Bilboko epaitegi batek, Gobernuko ordezkariak jarritako salaketari kasu eginda. Artola Etxerateko kidea eta Txori Barrote konpartsako sortzaileetako bat da.
Elkarretaratzea Arriaga Plazan egin dute 12:00etan, eta Jone Artola bera ere bertan egon da, besteak beste.
Ekitaldia Bilboko Konpartsek deitu zuten, Jone Artolaren izendapena behin-behinekoz bertan behera geratu ostean. Erabakia Bilboko epaitegi batek hartu zuen Carlos Urquijo Gobernuko ordezkariak egindako salaketaren ondorioz.
"Aste Nagusia interes politikoetarako erabiltzen ari dira"
Elkarretaratzearen amaieran komunikatu bat irakurri dute konpartsek. Bertan, elkarretaratzera joan direnei eskerrak eman dizkiete eta mezu "argia, laburra eta zuzena" bidali nahi izan dute: "Aste Nagusia eta haren ikurrak jaiekin eta eredu herrikoiarekin zerikusirik ez duten interesetarako erabiltzen ari dira, aski da!".
Helegiteak
Komunikatua irakurri ostean, konpartsetako kideek esan dute Udalak goizean aurkeztutako helegitea erakutsi diela eta "eskasa" iruditu zaiela, baina guztiaren inguruko iritzia epaileak azken erabakia hartzen duenean emango dutela zehaztu dute.
Era berean, Bilboko Konpartsek helegitea aurkeztu dute epaitegietan, eta Gobernu zentralaren helegiteak "diskriminazio ideologikoa" suposatzen duela argudiatu dute.
Konpartsen hitzetan, Jone Artola txupinera izateko "pertsona egokia ez" dela argudiatzeko "soilik arrazoi ideologikoak" erabiltzen dituzte Estatuko Abokatutzak eta Gobernuko ordezkariak.
"Auzia oso larria da; izan ere, eskubide zibil eta politiko guztiak indarrean dituen pertsona bati bizitza sozialean parte-hartzea eragotzi nahi diote", erantsi dute. Horrela, "inolako arrazoirik gabe pertsona baten eskubideak urratu nahi dituzte", gaineratu dute.