Politika -
BJKOko batzordekidea
Margarita Robles: 'Gallardon inoizko Justizia ministrorik txarrena da'
Margarita Robles Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko batzordekidearen ustez, "Gallardonek bi abiadurako justizia sortu du, erabiltzailearen diru kopuruaren arabera funtzionatzen dutenak".
Erredakzioa
Gallardon "historiako Justizia ministro txarrena" izendatu du Margarita Robles Botere Judizialaren Kontseilu Orokorreko (BJKO) batzordekideak: "Aberatsentzako justizia eta txiroentzako justizia sortu ditu".
Radio Euskadin eginiko adierazpenetan, Ruiz-Gallardonek "justiziak dituen arazoak ez konpontzeaz gain", epaileen jokaerak kritikatzeari ekin diola azaldu du.
Roblesek tasen lege berria kritikatu du, "epaitegiak baliabidez hornitu ezean, herritarrak juztiziara jotzea mugatuko duen Tasen Legea ezarri duelako".
"Diruaren araberako bi abiaduretako justizia sortu du. Herritarrak dirurik ez badauka, ezingo du justiziara jo", kexatu da.
"Konstituzioaren aurreko garaietara"
Beste kritiketako bat Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren azken erreformara zuzendu du, "erakundea Konstituzioaren aurreko garaietara itzularazi baitu. Kontseilua epaileen independentzia bermatzeko sortu zen, eta, ministro jaunari ez zitzaionez epaileen lana gustatzen, Batzordearen pisua ahalik eta gehien murriztu du, eta epaile espainiarren askatasuna murriztu du horrek".
Horrez gain, "lanez gainezka dagoen justizia batean ordezko 1.500 epaile kaleratzea" kritikatu du batzordekideak. "Egunero burutazio batekin, baina beti herritarron eskubideak mugatzen", deitoratu du Roblesek.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren lana kritikatzeko aukera ere izan du, "murrizketak beharrezko indarrez ez kritikatzeagatik. Agian Batzordeak kritika indartsuagoa egin behar zukeen".