Politika -
Lehen bilera ofiziala
Lehendakaria Errioxako presidentearekin batzartuko da gaur
Iñigo Urkullu eta Pedro Sanz bi lurraldeen arteko harremanak "errotzeko" bilduko dira, azken urteetako gatazkak bukatuta.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak Pedro Sanz Errioxako Gobernuko presidentea hartuko du gaur, bi lurraldeen arteko harremanak "errotzeko" eta osasunean, nekazaritzan eta azpiegituretan dituzten interes komunak aztertzeko.
EAEren eta Errioxaren arteko lehen bilera ofizial honen ostean, Gasteizko gobernuburuak bisita egingo dio Logroñokoari, erkidego horretan, hurrengo asteetan, Lehendakaritzatik baieztatu dutenez.
Jaurlaritzaren esanetan, bilerak "norabide aldaketa" ekarriko du bi lurraldeen arteko harremanetan, erkidego batek bestearen bizilagunei ematen dien zerbitzua "hobetzeko" konpromisoa baitute.
Sanz 1995. urteko uztailetik da Errioxako presidente, eta ez da inoz bildu lehendakari batekin. Horregatik, bilera "historikoa" dela esan du.
Errioxako gobernuburuak aitortu egin du azken urteetan ez dela komunikaziorik egon bi gobernuen artean. Azken legegintzaldian, Patxi Lopez lehendakari ohiarekin batzartzea aztertu zuen, baina azkenean ez zuen asmoa gauzatu, EAEko 'opor fiskalen' aurka helegitea aurkeztu zuelako.
Hori, baina, ez da izan bi lurraldeen arteko tirabira bakarra. Izan ere, 2011. urteko irailetik 2012. urteko martxoa arte ere izan zuten gatazka, Errioxak osasun zerbitzua ukatu baitzien Logroñoko ospitalera joaten ziren arabarrei. Azkenean, Espainiako Gobernuak esku hartu zuenean amaitu zen gatazka.