Politika -
Ministroen Kontseilua
Biktimen Legearen araudiak laguntzak aurreikusten ditu mehatxatuentzat
Araudi berria onartuta, laguntzak jasoko dituzte, atzeraeraginezko izaerarekin, 1960ko urtarriletik mehatxuen biktima izan direnek.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak Terrorismoaren Biktimen Babeserako eta Errekonozimendurako Legearen araudia onartu du gaur, eta laguntzak aurreikusten ditu mehatxuak jaso dituztenentzat ere.
Era berean, araudi berriarekin kalte-ordain handiagoa jasoko dute atentatu baten biktima izan direnek kalte materialengatik, laguntza psikologikoen mugak handituko dituzte eta hezkuntza eta psikopedagogia arreta hobetuko dute.
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, mehatxatuek ere jasoko dituzte laguntza horiek "lehenengo aldiz", eta atzeraeraginezko izaera izango dutenez, 1960ko urtarriletik mehatxuen biktima izan direnek eskatu ahal izango dituzte.
Bizitokiz aldatzeko laguntzak
Hori horrela, mehatxuak jasan dituzten biktimek laguntzak eskatu ahal izango dituzte bizitokiz aldatzeko, eskolako gastuengatik, tratamendu psikologikoengatik eta lana bilatzeko.
Minsitroaren arabera, arauak ateak "ixten" dizkie "terroristen" diru-laguntzei, eta horretarako biktimen elkarteen iritzia aintzat hartu dute.
Izan ere, Fernandez Diazek azaldu duenez, araudian memoria, duintasuna, justizia eta egia izan dituzte oinarri, "terrorismoaren kontakizun bakarra" eraikitzeko.
Bestalde, Barne Ministerioa izango omen da biktimek laguntzak eskatzeko eta kudeaketa arintzeko izango den "leihatila bakarra".
Urtebeteko epea
Araudi honekin, biktimek gaur egun ematen den kalte-ordainaren eta jaso zutenaren arteko aldea jaso ahal izango dute, eta kalte-ordainik jaso ez zutenek ere orain eskatu ahal izango dute. Laguntzak eskatzeko epea urtebetekoa izango da.
Etxebizitzari dagokionez, biktimek lehentasuna izango dute babes publikoko etxe tasatuak edo alokairuak lortzeko, eta enpresekin lan-hitzarmenak egingo dituzte kolektibo horiei lana emateko.
1979tik 2013ko abuztuaren 31 arte, Espainiako Gobernuak 790 milioi euro gastatu ditu kalte-ordainetan.