Politika -
Legebiltzarrean
EAJ eta PSE gaur bilduko dira itunari 'behin betiko bultzada' emateko
Alderdiak aurreko maiatzean bildu ziren lehendakariak EAJren gutxiengo gobernuari egonkortasuna bilatzeko deitu zuen mahai politikoan.
Erredakzioa
EAJ eta PSE-EE alderdiek osatutako batzorde politikoa gaur, astelehena, bilduko da Eusko Legebiltzarrean, akordioei "behin betiko bultzada" emateko eta bien arteko itunean adostu gabe dauden puntuak zehazteko. Fiskalitatean, erakundeen sarearen erreforman, zerbitzu publikoetan, ekonomia suspertzeko bideetan eta enpleguari bultzada bat emateko moduan sakondu dute itunean.
Ohar baten bidez bi alderdiek zabaldu dutenez, bileraren helburua azken hilabeteotan negoziatu dituzten gaietan "behin betiko astindua" ematea da, "Euskadi berriagoa, solidarioagoa, jasangarriagoa eta lehiakorragoa" bihurtzeko.
Lau ardatz nagusi ditu akordioak: ekonomia eta enplegua bultzatu; gizarte eredua eta oinarrizko zerbitzu publikoak "murriztu gabe" mantendu; erakundeen sarea aztertu "lehiakorragoa, eraginkorragoa eta jasangarriagoa" egiteko; eta zerga-sistema berrikusi "berdintasuna eta iruzurraren kontrako borrokan oinarritzeko asmoz, ekonomia berpizteko helburuarekin".
Ia puntu guztietan lortu dute bi alderdiek adostasun batera iristea, eta falta dena asteleheneko bileran jorratuko dute, baina litekeena da astelehenean bertan adostea adostu gabe dagoena. Bilera 10:00etan hasiko da eta, bukatzean, alderdi bakoitzeko bozeramaileek agerraldi bana egingo dute bileraren nondik norakoen berri emateko.
Alderdiak aurreko maiatzean bildu ziren, Iñigo Urkullu lehendakariak EAJren gutxiengo gobernuari egonkortasuna bilatzeko maiatzean deitu zuen mahai politikoan. Halaber, zerga-sistemaren aldaketa, iruzur fiskalaren kontrako borrokan eta ekonomia bultzatzeko neurriak izan zituzten hizpide bilerotan.
Alderdiekin izandako hitzordu horren ostean, EAJk PSE-EErekin, beste alderdiekin baino gehiago, somatutako hurbiltasuna nabarmendu zuen. Patxi Lopez euskal sozialisten buruak berak adierazi zuen, Urkullurekin bilera bukatu eta gero, PSE-EE alderdia prest zegoela erreforma fiskal bat egiteko.