Politika -

Kataluniako Diada

Independentzia lortzeko 'Euskal Bidea' aldarrikatu du EH Bilduk

Katalunian gertatutakoaren aurrean, Estatuak ezin ditu "begiak itxi", Juanjo Agirrezabalaren iritzian. Are, gizarteak hala eskatuta, azkenean "mugitu beharko da".

Katalanek Diadan (irudian) erakutsikoa eredu hartuta, 'Euskal Bidea' aldarrikatu du EH Bilduk.
Kataluniako Diada.
Katalanek Diadan (irudian) erakutsikoa eredu hartuta, 'Euskal Bidea' aldarrikatu du EH Bilduk.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako gizarteak 2013ko Diadan erakutsitakoa eredu gisa hartu eta "subiranotasun betea" lortzeko "Euskal Bidea" egiteko deia egin dio gizarteari Juanjo Agirrezabalaga EH Bilduko legebiltzarkideak. Bide horretan, agente politikoak lagun izango dituzte herritarrek, gaineratu du legebiltzarkide abertzaleak.

Agirrezabalagak eta Xabier Mikel Errekondo Amaiurko diputatuak prentsaurrekoa eskaini dute gaur Katalunian atzo gertatutakoaren inguruko iritzia emateko.

Legebiltzarkideak Kataluniako herria eta giza katearen antolatzaileak zoriondu ditu. Haren hitzetan, "gizalege, demokrazia eta antolaketa lezioa" eman dute eta "argi utzi dute herri katalanak estatu independentea izateko eskubidea duela".

Arrizabalagaren esanetan, "gizartea da subiranotasun prozesu batean motor garrantzitsuena eta protagonista bakarra. Herritarrek markatutako bide horretan, politikariek maila eman behar dute eta bidelagun izan".

Horren ildotik honakoa adierazi du EH Bilduko legebiltzarkideak: "Katalunia egiten ari den antzera, Euskal Herria ere bere bidea ari da egiten. Euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea aitortu diezaiotela nahi du". Hain justu, ingurumaria horretan kokatu du independentziaren aldeko "Euskal Bidea".

"Prozesu horrek batasuna, borondatea, argitasun politikoa eta gizarte zibil konprometitu behar du, eta gure konpromisoa hauxe da: gizartearekin gizartearentzat lan egitea", agertu du Arrizabalagak. Koalizioak laster Independentziaren alde egingo duen proposamenak, hain zuzen, gizartea izango da ardatz, legebiltzarkideak aurreratu duenez.

"Estatuak ezin ditu begiak itxi"

Katalunian gertatutakoaren aurrean, Estatuak ezin ditu "begiak itxi", Juanjo Agirrezabalaren iritzian. Are, gizarteak hala eskatuta, azkenean "mugitu" beharko dela iragarri du. "Bart ondo lo egin ez duten bakarrak Espainiako unionistak dira, konturatu baitira herriaren borondateari erantzuna eman behar diotela", gaineratu du.

"Bidea barrutik eraikitzen da; euskal gizarteak erabaki behar du zer etorkizun nahi duen, eta hori da balio duen erabakia. Euskal Herriak independentziarako bidea egingo du. Herri borondatea badago, baita gauzatzeko baliabideak ere, borondate politikoa da falta dena", agertu du

Ildo beretik mintzatu da Xabier Mikel Errekondo Amaiurko diputatua. Katalunian atzo jazotakoa "itxaropentsua" dela azpimarratu du eta, horren aurrean, Estatuak Euskal Herriaren eta Kataluniaren eskakizunei erantzuna eman beharko diela uste du, "aitzakiarik eta dramarik gabe".

"Eskakizun horien kontrako erasoek independentista gehiago baina ez dituzte eragingo", Errekondoren hitzetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea