Politika -
Auzitegi Nazionala
ANk ez ditu Perez De los Cobosen aurkako errekusazioak onartu
Kataluniako gobernuak, bestalde, De los Cobosen aurkako argudioekin jarraituko duela iragarri du eta kataluniarren inguruan esandakoak zuzentzeko eskatu du.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko osoko bilkurak ez du onartu Alderdi Popularreko kide izateagatik Francisco Perez de los Cobos presidentearen aurka aurkeztutako errekusazioa. Gehiengoz hartu dute erabakia, aldeko bederatzi boto eta aurkako bi botorekin. Errekusazioa Kataluniako Generalitateak eta bertako parlamentuak aurkeztu zuten.
Joan den astean eztabaidatu zuen ANk gaiaren inguruan, baina ez zen adostasunik lortu. Azkenean, magistratuen gehiengoak Adela Asuak proposatutako txostena onartu du.
Europa Press agentziak ezagutzera eman duenez, Luis Ortega magistratuak joan den astean iragarri zuen boto partikularrari bigarren bat gehitu zaio gaur. Fernando Valdes magistratu aurrerakoiak eman duena hain zuzen ere. Datozen egunetan ezagutuko dira autoa eta boto partikularrak.
Auzitegi Nazionalak hainbat auzi ditu Katalunia eta Gobernuaren artean. Horien artean dago PPko parlamentariek Kataluniako parlamentuak urtarrilean subirotasunaren alde egindako adierazpenari aurkeztutako aurkaratzea. Hezkuntza-legearen, zezenketen eta zinema legearen inguruan ere auziak daude.
Zuzenketa publikoa
Francesc Homs Generalitateko bozeramaileak adierazi duenez, Francisco Perez de los Cobosen aurkako argudioekin aurrera jarraituko dute. "Gure argudioetan aurrera egindo dugu. Era berean, De los Cobosek kataluniarrek pentsatzeko dugun moduaren eta heziketaren inguruan egindako adierazpenak zuzentzeko eskatzen diogu. Gutxienez, hori egin dezala", eskatu du.
Auzitegi Nazionalak hartutako erabakiaren inguruan, Homsek adierazi du argudiak eta boto partikularrak ezagutu behar dituela analisi sakonago bat egin ahal izateko.