Politika -

'Faisan auzia'

Pamies eta Ballesterosentzat eskatutako zigorrari eutsi dio fiskalak

ETAri laguntzeaz gain, sekretuak jakinaraztea ere egotzi die. Epaiaren zain geratu da auzia.

Pamies eta Ballesteros, Faisan auziaren epaiketan. Argazkia: EFE
Pamies eta Ballesteros
Pamies eta Ballesteros, Faisan auziaren epaiketan. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enrique Pamies Espainiako Poliziak EAEn zuen buruzagia eta Jose Maria Ballesteros inspektore ohiarentzat eskatutako zigorrari eutsi dio Carlos Bautista fiskalak, 'Faisan auzia'ren kontura egunotan Auzitegi Nazionalean egin den epaiketaren azken egunean.

Hala, sekretuak jakinarazteagatik, Pamiesentzat bi urte, eta Ballesterosentzat urtebete eta erdiko kartzela zigorra eskatu du. ETAri laguntzea ere egotzi die, 5na urteko zigorra galdeginez. Biei ETAren kontrako estortsio operazioaren abisua ematea leporatu die.

11 urteko desgaikuntza absolutua eta isun bat ere eskatu du Fiskaltzak poliziaren bi buruentzat.

Akusazioek, bestalde, ez dituzte hasieran egindako zigor-eskaerak moldatu. Pamiesentzat 10 urte arteko espetxe zigorra eta Ballesterosentzat 9 urte arteko espetxe zigorra eskatu dute.

 

Fiskaltzak delituaren araberako zigorrak eskatu ditu, ez, ordea, akusazioak. Akusazioak argudiatu duenez, egindako delituengatik zigor bakarra ezarri behar zaie bi poliziei. Defentsak, bestalde, kargurik gabe aske uzteko eskatu du.

Elosua eta bere suhiaren arteko elkarrizketaren audioa

'Faisan auzia'ren laugarren jardunaldia Elosuak bere suhiarekin izandako telefono-elkarrizketaren audioarekin hasi da. Poliziak grabatutako audioan Elosuak suhiari kontatzen dio atxiloketa bat sahiesteko "abisua" eman diotela.

Zaratak eta interferentziak entzuten dira grabazioan, baita Elosuaren hitzak ere. Horietan, jaso duen "abisua"ren inguruan hitz egiten du. Akusazioek diotenez, oharraren berri minutu batzuk lehenago eman zion telefonoz Ballesterosen bidez Pamiesek. Deia jasotzeko telefonoa taberna barruan eman zioten.

Telefono dei horretan ahots anonimo batek operazioaren berri eman zion Elosuari, eta Cau Aldanur, usteko ETAko kidea atxilotuko zutela adierazi zion. Aldanurrekin elkartzeko asmoa zuen estortsio bateko dirua emateko.

Deia jasotzean, Elosuak ez itxarotea erabaki zuen. Aldanur Frantzian bizi zen eta bertara autoz, suhiarekin, joatea erabaki zuen. Poliziak joan etorrian bien artean izandako elkarrizketa grabatu zuen.

2006 urtean Gobernua eta ETA mantentzen ari ziren negoziazio prozesuaren baitan kokatu dute elkarrizketa. Elosuak suhiari adierazten dionez, "'abisua' emandako pertsonak egungo egoera politikoarengatik egin du" eta ondorengoa zehaztu zuen: "Prozesu osoa hondatu ez dadin, ez duzu deitu dizudanik esango. Ez dugu zipi zape bat egingo".

Ordubeteko iraupena duen grabazioa entzun ondoren, Poliziak grabatutako bideo bat ikusteko aukera izan da auzitegian. Bideo horretan filtrazioa gertatu zenean Ballesteros tabernatik irteten eta sartzen ikusi daiteke. Bideoaren ikuspekapenarekin amaitutzat eman da probak aurkezteko fasea. Aurkeztutako idatziak defendatu beharko dituzte orain aldeek.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea