Politika -

Elkarrizketa

'Lurralde Historikoen Legea aldatzea da gakoa, baina EAJk ez du nahi'

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren esanetan, gaurko osoko bilkurak "antzerki puntu bat" dauka, izan ere, "EAJ eta PP ez daude eskumen horiek mahai gainean jartzeko prest".

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren esanetan, gaurko plenoak 'antzerki puntua' dauka. EiTB
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren esanetan, gaurko plenoak 'antzerki puntua' dauka. EiTB
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren esanetan, gaurko plenoak 'antzerki puntua' dauka. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskalitatearen eztabaida Eusko Legebiltzarrera eramateko Lurralde Historikoen Legea aldatu behar da, baina EAJk eta PPk ez dute aldaketa hori babestuko, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren arabera.

'Egun on Euskadi' saioan egindako elkarrizketan, ostegun honetan Eusko Legebiltzarrean fiskalitateari buruz egiten ari diren osoko bilkura monografikoa izan du hizpide.

"Nik ez diot beldurrik eztabaida horri, aldatu behar bada alda dezagun. Hala ere, fiskalitatea Legebiltzarrera eramateko Lurralde Historikoen Legea aldatu egin behar da, izan ere, gaur egun, parlamentuek ez dute eskumenik fiskalitatean", gaineratu du.

Gaurko osoko bilkurak "antzerki puntu bat" daukala salatu du Martin Garitanok, izan ere, "EAJ eta PP ez daude eskumen horiek mahai gainean jartzeko prest".

Erraustegia

Beste behin ere, erraustegiaren kontra mintzatu da Martin Garitano: "Garestia, osasunaren kontrakoa eta atzerakoia da, eta bide horretan, herrialde aurrerakoiek ematen dituzten pausoak eman behar ditugu".

Erraustegia egiteko esleipena lortu zuten enpresek kalte-ordaina eskatuko dute, baina "gauza bat da eskatzea eta beste bat kobratzea", Garitanoren arabera. Horren ustez, aldaketak egon dira proiektuan, eta kontratua bera ez da zilegi. "Gure iritziz, ez dute kalte-ordaina jaso behar, baina enpresek epaitegietara jotzen badute, epaileak hartu beharko du azken erabakia", gaineratu du.

Bestalde, erraustegiaren proiektua blindatzeko aurreko legegintzaldian tranpa egitea egotzi die jeltzaleei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea