Politika -

'El Punt Avui'-n elkarrizketa

EAJn estatu propio baten aldeko apusturik ez du ikusten Otegik

Ezker Abertzaleko buruzagiaren hitzetan, Katalunia euskaldunoi  'lezio handia' ematen ari da burujabetzarako bidean.

 

Arnaldo Otegi, ekitaldi politiko batean (Artxiboko argazkia)

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi Batasuneko eledun izandakoak EAJko buruzagiak izan ditu, besteak beste, hizpide El Punt Avui egunkariari eskainitako elkarrizketan. Otegiren hitzetan, jeltzaleen hitzak eta deklarazioak entzunda, ezin liteke esan estatu propio bat eraikitzearen alde daudenik.

Logroñoko espetxetik erantzun dio Otegik hedabide kataluniarrari. Bere hitzetan, ezker abertzalearen baitan giro estrategiko baten alde lanean ari zirelako atxilotu zituzten bera eta ezker abertzaleko beste hainbat buruzagi. Atxiloketokin aldaketa estrategiko hori geldiarazi nahi izan dutela gaineratu du.

Estatua etsipena eta frustrazioa zabaldu nahian ari da euskal gizartean, inolako aurrerapausorik eman gabe, Otegiren ustez.

Estatuek duten jarrera eta borondatea ikusita, prozesuan aurrera egitea ezinezkoa dela nabarmendu du, ez dutelako heldutasun demokratiko eta politikorik Euskal Herriari hitza emateko. Hala, Otegiren aburuz, erabateko akatsa da Estatuei eskua luzatzen aritzea, eskenatoki berri baten bila. Euskal bidea eraiki behar dela azpimarratu du, euskal eragileek gidatutakoa. Prozesuaren giltza Estatuei emanda, blokeo egoera batean gaudela adierazi du.

Katalunia

Kataluniari miresmenez begiratzen diola aitortu du Otegik. Kataluniarrak egiten ari diren bideaz euskaldunok asko dugula ikasteko esan du. "Kataluniako prozesua emozioz, miresmenez, ikusminez eta umiltasunez bizi dut, lezio handi bat ematen ari direla aitortuta", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi albisteak