Politika -
Italia
Napolitano:'Gobernua sortu ezin bada bakarrik desegingo dira Ganbarak'
Silvio Berlusconiren Forza Italia alderdiko bost ministrok dimisioa eman dute, eta horrek krisi politikoa eragin du.
Erredakzioa
Gobernua eratzeko modurik ez badago soilik desegingo dituzte Italiako Ganbarak, Giorgio Napolitano Italiako presidenteak igande honetan jakinarazi duenez. Silvio Berlusconiren Forza Italia alderdiko bost ministrok dimisioa eman zuten larunbatean, eta horrek krisi politikoa eragin du.
"Aro kriptiko batean gaude. Legegintzaldi honi jarraipena emateko aukerarik dagoen ikertuko dut, eta 2008. urteaz geroztik izan diren antzerako Gobernu krisiak aztertuko ditut", adierazi du Napolitanok.
Krisi giro honetan bilera egingo dute gauean Enrico Letta Italiako lehen ministroak eta Napolitako presidenteak. Antza denez, Lettak ez dauka dimisioa emateko asmorik eta beste alderdi batekin gehiengoa lortu nahi du.
Lettak asteartean agerraldia egingo du Senatuan, eta krisi politikoaren erantzukizuna Berlusconiren alderdiari egotziko dio. Halaber, Ganbararen konfiantza lortzen ahaleginduko da.
Oraingoz, lehen ministroak hartuko du Justizia eta Barne Ministerioen ardura, eta hutsik geratu diren beste karguak gainerako ministroen artean banatuko ditu.
Berlusconiren alderdiaren baitan eztabaida sortu da erabakiaren harira, izan ere, ez dute lortu BEZaren igoera geldiaraztea eta Higiezinen gaineko Zerga kentzea.
"Borrokarako prest nago, eta ez nago borrokatzeaz nekatuta", adierazi du Berlusconik. Halaber, zergen igoeraren erantzukizuna ez duela bere gain hartuko gaineratu du.