Politika -

Katalunia kontsulta

Artur Mas: 'Maila politikorik handiena herritarrei entzutea da'

Generalitateko presidentearen aburuz, "Kataluniak independentzia lortuko balu, Europar Batasunak ez luke 7 milioi europar kanporatzeko erabakia hartuko".

Artur Mas Bruselan. Argazkia: EFE
Artur Mas Bruselan. Argazkia: EFE
Mas: 'Galdeketa da irtenbide bakarra'

1:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Generalitateko presidentea Bruselan da, eta bertatik Mariano Rajoy Espainiako presidenteari erantzun dio. "Demokrazian, maila politikoan egin daitekeen keinu handiena herritarrei entzutea eta botoa ematen uztea da", erantzun du Masek. Kataluniak independentzia lortuz gero, Europar Batasunak izango lukeen jarreraren inguruan ere hitz egin du.

Kataluniaren egitasmoa azaltzeko bidaiatu du Artur Masek Bruselara. Han eman duen prentsaurrekoan Mariano Rajoyk bere jarrera aldatzeko eta maila politikoa erakusteko eskaerari erantzun dio Masek.

"Rajoy jaunari ez diot independentzia onartzeko eskatzen, gure herriaren etorkizunari buruz botoa ematen uzteko besterik ez diot eskatzen", adierazi du Masek. "Gure esku dagoen guztia egiten ari gara Madrilekin elkarrizketa mantentzeko", esan du, eta Rajoyk gauza bera egiten duela uste du. "Kontsulta zehatza egin ezean, arazoa ez da konponduko", azpimarratu du.

Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutua atzera bota zuenetik Generaliatearen eta Espainiako Gobernuaren arteko harremanak betirako aldatu direla uste du Masek. Kataluniako gizarteak une horretan ikusten du "xede politikoek" lekurik ez dutela, eta "Madrilek gure proposamenei" atea ixten diela, gaineratu du.

EBren erreakzioa

Kataluniak independentzia lortuz gero Europar Batasunak izango lukeen jarreraren inguruan ere hitz egin du Artur Masek. Presidentearen aburuz, "Europar Batasunak ez lituzke zazpi milioi europar kanporatuko". Batasunaren kide izaten jarraitzeko "konponbide politikoak" aurkitu direla uste du Masek.

"Kataluniaren gaiak orain urtebete baino kezka handiagoa sortzen du orain", adierazi du Masek. "Hainbat adierazpenek hori pentsarazten dute, nahiz eta niri zuzenean ez didan horrelakorik inork esan", azpimarratu du. Presidentearen aburuz, Joaquin Almunia edo Michel Barnier komisarioek jarrera "interesatua" dute.

"Hori ez da EBren izateko modua, ezta gutxiago ere", zehaztu du. "Egoera aurkezten denean emango du jakitera Europar Batasunak bere iritzia, ez baitago aurrekaririk. Dena dela, gai hau estatuen artean konpondu behar da", esan du.

"Europaren erantzuna ez da zazpi milioi europar kanporantzea izango, zihur ezetz", azpimarratu du. "Europar Batasunak ez ditu estatus ezberdin bat nahi duten europarrak kanporatuko, eta gu europarrak gara, gainerakoak bezalexe", adierazi du.

"Katalunian gertatzen ari den guztiaren helburua ez da batasunaren barruan estatus ezberdina izateko, berdina izateko baizik", amaitu du.

Bruselara egindako bidaian Laszlo Andor lan gaietako komisarioarekin bildu da goizean Mas. Arratsaldean Oli Rehn finantza gaietarako komisarioarekin eta Maros Sefkovic administrazio gaietako komisarioarekin biltzeko asmoa du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea